GAUR8

Done Jakue bidearen azken marka hausteko erronka, ANFAS elkartearen alde

Donibane Garazitik Done Jakuera dauden 789 kilometroak sei egun, 10 ordu eta 17 minutuko marka apurtu eta errekor berri bat lortu nahi du Ricardo Abadek ANFAS adimen urritasuna duten lagunen eta familien elkartearen alde. Erronkarekin 8.000 euro bildu nahi dituzte 200 haurren ikaskuntza prozesuan proiektu berritzaile bat garatzeko. Uztailaren 26an hasiko da desafioa.

Erronkaren aurkezpena, irudian. (ANFAS)
Erronkaren aurkezpena, irudian. (ANFAS)

Uztailaren 26an, «Inklusio bidea» proiektua jarriko dute martxan, ANFAS-en (Adimen urritasuna edo garapenaren nahasmenduak dituzten pertsonen eta familien Nafarroako elkartea) aldeko funtsak lortzeko.

Erronka formatua du egitasmoak eta Ricardo Abad muturreko erronkak maite dituen kirolari nafarra izango du protagonista. Asmoa da Donibane Garazin hastea eta Done Jakueren bidea ahalik eta denbora laburren egitea. Guztira, 789 kilometro dira. Erronkak helburu bikoitza du: 60 urte dituen ANFAS elkartea babestea eta Migel Mataixek 2018ko abuztuan ezarri zuen 6 egun 10 ordu eta 17 minutuko marka haustea.

Ibilbideari ahalik eta zabalkunde handiena emateko zuzeneko emanaldiak antolatu dituzte irteera eta iritsiera guztien berri emateko, etapa bakoitzaren une onenen bideoa zabalduko dute egunero eta galderei erantzuteko zuzeneko konexioak prestatu dituzte. Horrez gain, sare sozialetan erronkaren jarraipena egingo dute egunero eta dokumentala grabatuko dute.

Proiektu berritzaile bat hizkuntza-arazoen aurrean

Ekimen solidarioan lortutako funtsak hizkuntza-arazoak dituzten haurren komunikazioa garatzeko proiektu berritzaile batera bideratuko dira.

Eredu horren bidez, Lagundutako Hizkuntza Naturalaren paradigman eta Komunikazio Digitalen paradigman zentratuta, 200 haur eta haien familiak ere izan daitezke onuradun, ikaskuntza-prozesuaren funtsezko atala baita.

Helburua 8.000 euro lortzea da, software-lizentziak, tabletak eta profesionalentzako eta familientzako prestakuntza espezifikoa lortzeko.
«Proiektu hau gizarteratzeko beste urrats bat da, pertsona guztiok baitugu komunikaziorako eskubidea, eta hori ezinbestekoa da bizitza osoa eta duina lortzeko», nabarmendu dute.

Aurten 60 urte betetzen duen ANFAS elkarteak 1.300 lagun baino gehiago artatzen ditu Nafarroa osoan eta 2.500 bazkide ditu.

Ekarpen ekonomikoak egiteko bide ezberdinak daude, enpresa eta partikularren dohaintzak banku transferentzia edo Bizum bidez egin daitezke, eta enpresa laguntzailea eta babeslea gisako ekarpen handiagoak egiteko aukera dago. Asmoa da kilometroko 10 euroko diru-bilketa gainditzea, aipatutako 8.000 eurotara iristeko.