GAUR8

Maskulinitate berriak eta feminismo dekoloniala, GKE-en berdintasun planen ardatzetako bi

Garapenerako GKE-etako berdintasun planak bultzatzeko laguntza berriak aktibatu ditu Lakuak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Bidez. Horren harira, antolakundeetan martxan dauden genero desberdintasuna ezabatzeko prozesuetan besteak beste maskulinitate berriak eta feminismo dekoloniala lantzeko formazio-saioak aurreikusten direla nabarmendu dute.

EAEko GKE-en ekitaldia, garapenerako lankidetzaren garrantzia nabarmentzeko, artxiboko irudian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
EAEko GKE-en ekitaldia, garapenerako lankidetzaren garrantzia nabarmentzeko, artxiboko irudian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak diru laguntza berriak iragarri ditu EAEko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeetan garatzen diren berdintasun planak bultzatzeko. Azaldu dutenez, helburua da erakundetan funtzionamendu maila guztietan egon daitezkeen genero desberdintasunak ezabatzeko aktibatzen diren prozesuak eta ekintzak sustatzea. Asmo horrekin, hainbat fasetarako, 218.480 euroko diru partida egokitu dute.

Deialdia urtero kaleratzen du Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako Sailaren baitan dagoen garapenerako agentziak, erakundeetan genero berdintasunaren aldeko aldaketa prozesuak laguntzeko. Zehaztu dutenez, epe luzeko prozesuak dira, ez plan bakar bati lotutakoak; «horregatik, Lankidetzatik babestuko diren erakunde gehienak bigarren plana egiten daude».

Garapenerako euskal GKE-etan lantzen ari diren plangintza horietan, maskulinitate berriak, feminismo dekolonialak, sexu aniztasuna edota lidergo eraldatzaileak lantzeko formazio-saioak aurreikusten direla nabarmendu dute. Lanketan, gainera, kontraste planak eratu eta gai zehatzak jorratzen dira beste elkarte batzuekin.

Laguntza jasoko duten erakundeen artean, CEAR-Euskadi eta Bakea eta Elkartasuna erakundeak daude. Bi antolakunde horietan, generoaren partaidetza-diagnostikoa egitera eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzera bideratuko dira laguntzak.

Mugarik Gabe erakundean plana garatzen lagunduko dute, eta, Oxfam Intermon, Alboan, Medicus Mundi Araba eta Bizilur erakundeetan, planaren ezarpena eta ondorengo ebaluazioa egingo dute.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia (GLEA) Lakuako Gobernuko erakunde publikoa da, eta garapenerako lankidetzaren politikak planifikatzen, kudeatzen, gauzatzen eta ebaluatzen ditu. Zehazten duenez, lan eremu horretan, «garrantzia berezia ematen die genero berdintasunari, iraunkortasun ekologikoari, eskubideen ikuspegiari, gaitasunen sendotzeari, parte-hartzeari eta antolakuntzari, eta tokikoa-globala loturari».