GAUR8

Erabilera arrunteko objektu batek museoraino egiten duen bidaia, Gipuzkoako hiru museotan kontatuta

Euskal Itsas Museoak, Zumalakarregi Museoak eta Igartubeiti baserri museoak «Musealiak» izeneko gunea aurkeztu dute, erabilera arrunteko objektu batek museo batean ikusgai izan arte egiten duen bidaia deskubritzeko.

Igartubeiti baserri museoan ikusgai dauden bola-jokoetako piezak 2008an heldu ziren. (Igartubeiti Baserri Museoa)
Igartubeiti baserri museoan ikusgai dauden bola-jokoetako piezak 2008an heldu ziren. (Igartubeiti Baserri Museoa)

Ondare-sentsibilizaziorako gune gisa pentsatuta, Musealiak izeneko gunea Euskal Itsas Museoan, Zumalakarregi Museoan eta Igartubeiti baserri museoan bisitatu daiteke. Finean, museoan ikusgai dagoen objektu arrunt batek horraino egin duen bidaia deskubritzea da asmoa, helburu batekin: ondarearen gaineko sentsibilizazioa bultzatzea.

“Musealiak” guneak objektu horien istorioei erreparatzen die. Nondik datoz? Nola heldu ziren museora? Zein da atzetik duten historia? galderei erantzuten die Gipuzkoako hiru museoek proposatzen duten espazio berriak, lantzen dituzten gaiekin lotutako Gordailuan funtseko objektuak aurkeztuz.

Ezkioko Igartubeiti baserri museoan, arte zurez egindako bola-joko bat dago ikusgai. Piezak 2008an iritsi ziren Gordailura, objektu gehiago zituen sorta batean.

«Pieza multzo honen historia ia ezezaguna da. Ez dakigu zehazki zenbat urte dituzten, ez nork egin zituen, ezta norenak ziren ere, Zerain herri goierritarretik datozela besterik ez dakigu», adierazi dute museoan. Hala ere, Euskal Herrian bola-jokoak izan duen tradizioaz kontatzeko asko dago.

Bolatokien kultura kolektiboa Goierrin

Datu zehatzik ez badago ere, ezaguna da Goierrin bola-jokoaren tradizioa oso zabalduta egon zela, eta apustuekin oso lotuta. Horregatik, bolatokia jendea biltzen zen tokietan zegoen, sagardotegietan edo kantinetan, esaterako. 60ko hamarkadatik aurrera, ordea, bolatokiak desagertzen joan ziren.

Audio baten bidez, bisitariek objektuaren historia entzun dezakete, testuan idatzitako informazio gehiago aurkitu edota museoko arduradunak objektuaren historiari buruz egin duen bideoa ikusi.

“Musealiak” bultzatzen duten profesionalek egiten duten lana ikusarazi eta museoetako bildumak aintzatespen sozialez hornitu nahi dituzte, kultur ondare kolektiboaren zaintzak duen garrantziaren gaineko kontzientzia bultzatzeko.