GAUR8

Eureka! Donostiako Zientzia Museoak pertseidei buruzko saio bereziak antolatu ditu

Euri-izar gau handiarekin gozatzeko ohiko saio bereziak antolatu ditu Donostiako Zientzia Museoak. Gaur eta bihar izango da pertseiden jarduera handiena eta, iragarri dutenez, ostegun honetan bertan ilargia ezkutatu ostean meteoritorik ahulenak ere ikusi ahal izango dira.

Pertseiden behaketarako unerik onena egunotan izango da, gauerditik aurrera. (Eureka Zientzia Museoa)
Pertseiden behaketarako unerik onena egunotan izango da, gauerditik aurrera. (Eureka Zientzia Museoa)

Eureka! Donostiako Zientzia Museoak Pertseiden inguruko “Kosmos” izeneko saio bereziak antolatu ditu. Datorren ostiralera arte izango dira Donostiako Museoko Planetarioan, 11:45ean euskaraz eta 12:45ean gazteleraz. 45 minutuko iraupena izango dute.

Eureka! zentroak gogorarazi duenez, izar iheskorren jatorria Eguzkiaren inguruko ibilbideetan kometek utzitako hauts-partikula txikiak dira, Lurraren orbitako eremuetan kokatuak.

Urtean zehar, une batzuetan, Lurrak horien hodei bat zeharkatu eta meteorideek abiadura handian jotzen dute Lurraren atmosferaren kontra, Lurraren gainazaletik 100 kilometrora. «Partikula horiek desintegratu eta distira egiten dute, eta argi-lorratza uzten dute zeruan», azaldu dute.

Aurten, abuztuaren 11tik 12ra bitartean, ahalik eta meteororik gehien ikusi ahal izango dela adierazi du Donostiako zientziaren museoak. Ordurik onenak gauerditik aurrera izango dira, eta goizaldeko ordu biak aldera izango da kopuru handiena.


Argietatik aldentzea, onena

Pertseiden behaketarekin hobeto gozatzeko, hirietako argietatik aldentzea eta ahalik eta leku ilunena bilatzea komeni da. Ez da tresna optikorik beharko, eta izar iheskorrak zeruko edozein gunetan ikusiko direla esan dute.

Fenomeno astronomiko liluragarriaren gaineko iformazio gehiago zientzia museoan bertan eskura daiteke.