GAUR8

Mehatxatutako fauna hartzeko habia biodegradagarri bat diseinatu du gazte nafar batek

Aintzane Huarte iruindarrak habia kaxa bat diseinatu du arriskuan dauden espezieak babesteko. Gazteak hezkuntza-jarduerak abiatu nahi ditu ikastetxeekin eta talde naturalistekin batera.

Aintzane Huarteren habia kutxaren diseinuak espezie bi har ditzake. (Nafarroako Unibertsitatea/@unav)
Aintzane Huarteren habia kutxaren diseinuak espezie bi har ditzake. (Nafarroako Unibertsitatea/@unav)

Aintzane Huarte 22 urteko iruindarrak habia kutxa biodegradagarri bat diseinatu du mehatxatutako espezieak babesteko. Bi espezie hartzeko aukera eskaintzen du habiak eta bizi behar duen animaliaren arabera horizontalean edo bertikalean jar daiteke.

Nafarroako Unibertsitateak azaldu duenez, habiak duen diseinuagatik basoetan bizi diren intsektu saproxilikikoak zein hirietako hegazti migratzaileak har ditzake.

Diseinuan graduatuta Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolan, “Etorkizunerako zubi bat eraikitzen. Mehatxatutako hiri eta baso fauna kontserbatzeko eta ingurumen hezkuntza sustatzeko proposamena” izena du Huarteren Gradu Amaierako lanak.

«Diseinu kurbatuko kutxa bat da, sestra-kurben mapetan inspiratua, eraikinetako fatxadetan kaxa multzo modularrak sortzea ahalbidetzen duena sorbeltzen kolonietako bizitza errazteko», azaldu du Huartek. Erantsi duenez, bertikalean dauden bi kutxa ere konbinatu ditzake, «barne espazioak elkartuz, ahalmen bolumetrikoa handitzeko, ornogabe saproxilikoen larben bizigarritasuna ahalbidetzeko».

Habia diseinatzeko, azken hilabeteotan aipatutako bi espezieen portaera aztertu du baita gizakiaren jarduerak ingurumenean duen inpaktua ere, hala nola haziera urbanistikoa edo baso-soiltzea.

Kola eta erretxinarik gabekoa

Egurrez egiteko pentsatuta, ez du kolarik behar, ezta erretxinarik edo bestelako tratamendurik ere, faktore klimatikoek eragindako kalteekiko erresistentzia hobetzeko, nabarmendu duenez. Habia kutxak ekoizteko akazia eta pinu espezie batzuetako egurrak egokienak dira, Huarteren esanetan.

Diseinuari dagokionez, kontuan hartu dira barrunbearen orientazioa, espezieek eskatzen duten barne-espazioa, animalia horien ohiturak eta portaera soziala, bai eta jasangarritasun-baldintzak, biomimetika egiteko aukera eta ekoizteko erraztasuna ere.

Kutxen eraginkortasuna aztertzeaz gain, orain diseinuaren aukerak optimizatu nahi ditu, eta ikastetxeekin eta elkarte naturalistekin proiektuari lotutako hezkuntza-ekimenak abian jarri tailerrak eginez.