GAUR8

Kukulaisi euskaltzaleen topagunea sortu da, euskarazko aisialdia artikulatu eta garatzeko

Aisialdiaren eremua lantzen duten 14 euskara elkartek eta Euskaltzaleen Topaguneak sortu dute federazioa eta euskarazko aisialdia garatzea izango da bere helburu nagusia

Asteburuan Elgoibarren izan da lehen batzarra.
Asteburuan Elgoibarren izan da lehen batzarra.

Kukulaisi euskaltzaleen topagunea federazioa eratu da asteburuan Elgoibarren izandako bilkuran. Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten euskara elkarteek egindako hausnarketaren emaitza izan da erakunde berriaren sorrera, tokian tokian euskarazko aisialdia lantzen duten egitasmoak artikulatu eta garatzeko.

Guztira 14 euskara elkarte batu dira Kukulaisi federaziora, lehendik ere euskarazko aisialdi egitasmo sendoak dituzten elkarteak. Ondokoak izan dira lehen txanpan federaziora batutako elkarteak: Usurbilgo Noaua! euskara elkartea, Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkartea, Hernaniko Dobera euskara elkartea, Euskarabentura elkartea, Gasteizko Geu elkartea, Ordiziako Hitzaro euskara elkartea, Bergarako Jardun euskara elkartea, Atarrabiako Karrikaluze euskaldunon elkartea, Lasarte-Oriako Ttakun kultur elkartea, Arrasateko Txatxilipurdi elkartea, Deustuko Berbaizu euskara elkartea, Durangoko Berbaro euskara elkartea, Elgoibarko Izarra euskaltzaleen elkartea eta Soraluzeko Pil Pilean euskara elkartea. Horiez gain Euskaltzaleen Topagunea eta Kultur Kabia aisialdiko zerbitzu enpresak ere parte hartu dute Kukulaisi federazioaren eraketan.

Aisialdia eta hizkuntzaren garapena

Federazioaren sorreran euskara elkarteen mugimenduko elkarte eta eragileak batu badira ere, euskarazko aisialdia garatzen dituzten bestelako elkarteei ere zabalik dagoela azpimarratu dute Kukulaisi euskaltzaleen topagunearen ordezkariek. Era berean, lehen eratze batzarrean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako elkarteek parte hartu badute ere, federazioa Euskal Herri osoko eragileak biltzeko sortu dela nabarmendu da.

Eratze batzarraren hitz hartzeetan euskarazko aisialdiak hizkuntzaren garapenean duen garrantzia azpimarratu da. Hezkuntza formalak duen funtsezko papera ahaztu gabe, aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan ezinbesteko elementua da eta hizkuntzaren normalizazioan ere ekarpen handia egiten duela aipatu da. Horregatik, aisialdi arloan egiten diren proiektu anitzen artikulaziorako eta garapenerako tresna modura aurkeztu da federazio berria.