GAUR8

Garesko Urrezko Laia Felix Lizarragarentzat, Laiarien Plaza inauguratu berrian

Bigarrenez, Garesko laia lasterketa bertan behera geratu zen iragan igandean Covid-19a dela eta. Hala ere, Nafar Laiaraiak elkarteak Laiarien Plaza inauguratu zuen larunbatean. Plazan horretan, Felix Lizarragak metalez egindako eskultura bat jarri zuten eta Olaia Chocarro eta Mikel Herrero artistek laia lasterketei buruzko mural bat margotu zuten. Halaber, zortzigarren Urrezko Laia eman zioten Felix Lizarragari.

Felix Lizarraga, bere eskulturaren aurrean, Garesko  Laiarien Plazan (Nafar Laiariaik)
Felix Lizarraga, bere eskulturaren aurrean, Garesko Laiarien Plazan (Nafar Laiariaik)

Joan den igandean Garesen egitekoa zen XXXVIII. laia lasterketa bertan behera geratu zen, pandemia dela eta. Hala ere, Nafar Laiaraiak elkarteak Laiarien Plaza inauguratu zuen larunbatean Nafarroako herri horretan. Plazan, Felix Lizarragak metalez egindako eskultura bat jarri zuten eta Olaia Chocarro eta Mikel Herrero artistek laia lasterketei buruzko mural bat margotu zuten. Lan horiek Udalak babesa izan dute. Era berean, Erdi Arotik Gurutze auzoko baratzeak ureztatzen dituen uraren aipamena egiten duen plaka bat ere jarri zuten.

Ekitaldi berean, Nafar Laiariak elkarteak zortzigarren Urrezko Laia eman zuen, Kultura lanetan nabarmendu diren pertsonei ematen zaien saria. Aurten, Felix Lizarragaren ibilbidea saritu dute. Saria Kikin Bañales artista artaxoarrak egindako obra bat zen, laia baten irudia, eta ezustean harrapatu zuen Lizarraga.

Nafar Laiariak

Duela hogeita hemezortzi urte hasi ziren Garesen laia lasterketak antolatzen, iraileko ferien inguruan. Lasterketaren arrakastak urtero egiten jarraitzeko bultzada eman zien Garesen ez ezik, eta Artaxoan ere egiten hasteko, horrela bi herrietako laiarak senidetuz.

Nafar Laiariak elkarteak dioenez, ez dago zalantzarik lanabes erakargarria dela laia, «beharbada, jolas bat delako; beharbada, gure aitona-amonekin eta gure memoria kolektiboarekin lotzen gaituelako; beharbada, gure kulturaren parte delako; beharbada, lasterketan parte hartzen dutenen artean adiskidetasun zintzoa dagoelako, edo, beharbada, lurra lantzeko modu tradizional eta ekologikoa izan delako eta egun ere badelako».

Lasterketari Garesko Laiariak elkarteak eman zion jarraipena, eta geroago Nafar Laiariak elkartea sortu zuten, herriko mugak gainditu eta kultura arloan lan egin ahal izateko.

Aurten ere laia lasterketa egin ez den arren, lehengo eta egungo laiariak omendu dituzte artearen bidez. «Izan ere, artea sinbolismoz beterako komunikazio mota da, eta etorkizuneko belaunaldiei gure tradizioa, jolasa eta baloreak eman nahi dizkiegu, gure sustraietann oinarriturik mundu berria eraiki dezaten. 'Mundua irauli' da gure leloa, ohikoaren xumetasunetik gure etorkizuna eraikitzea posible delako, bereziki elkarrekin egiten bada».

Urrezko Laia

Felix Lizarraga Araiz Iruñeko Txantrea auzoan jaio zen 1951n. Kaputxinoetako errementariaren semea da, eta aitarengandik ikasi zuen burdina lantzen. Gazte-gaztetan sartu zen politikan, beti askatasunaren eta bere herriko kulturaren alde.

«Erretreta hartu ondoren –azaldu du Nafar Laiariak elkarteak–, burdinaren lanari ekin zion berriro, eta Nafarroako hainbat herri eta proiektutarako eskulturak egin ditu azken urteotan». Haren lehen lanetako bat Luzaideko bolanten omenez egin zuen. «Ondoren, Lizoain-Arriasgoiti bailararako beste lan batzuk egin ditu, hala nola txistulariaren monumentua, euskara gure hizkuntza lantzen duen errementaria, ibarreko iturrietako eskulturak eta memoria historikoaren monumentu zirraragarria».

Lizarragaren proiektu kulturalen artean nabarmentzekoa da Lizoaingo eliza udalerriarentzat erosi izana, «egun ibarreko dinamika sozial eta kulturalen topaleku bihurtu den 'herriko etxea' izan dadin».

Azkenik, Charo Vegué, haren emaztea, «aipatu behar da, nola ez, Felixen proiektuetan konplizea beti. Laguntza elkarri ematen diote, Felixek ere Charoren idazle ibilbidean eskaintzen baitio laguntza».