Haur eta gazteen buru osasunari arreta emateko beharra azpimarratu dute
Agifesek, buru osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, bat egiten du urriaren 10ean ospatzen den Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzekin, eta aurten haurren eta gazteen osasun mentala azpimarratu du. Buru-nahasmenduak nerabezaroan sortzen dira, batik bat, eta gero eta adin txikiagoetan antzematen ari dira. Hori dela eta, Gipuzkoako elkartearen ustez, funtsezkoa da gazteenei arreta hobea eskaintzea.
Agifeseko presidente Vicente Aretak salatu duenez, «zerbitzu publikoetan psikiatra eta psikologo nahikorik ez dago». Aldiz, buru osasunarekin loturiko arreta-eskaera gero eta handiagoa da. Aretak beste datu aipagarri bat ere jarri du mahai gainean: haur eta gazteen psikiatria ez da espezialitate gisa aitortu Estatu espainolean uda honetara arte, eta «gaian espezializatu nahi zuten profesionalek atzerrian egin behar izan dutela orain arte».
Gipuzkoako elkartearen arduradunak esan duenez, «beharrezkoa da haurren eta gazteen osasun mentalari espezifikoki heltzea, haientzat egokitutako baliabideak eskaintzeko. Egia da Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu-zorroak 18 eta 65 urte bitarteko helduentzako baliabide eta programa ugari biltzen dituela, baina ezin ditugu modu berean artatu kronikotasun-maila jakin bat duen pertsona bat edo buru osasuneko arazo baten lehen sintomak dituen nerabe bat».
Proiektu pilotua abian
Orain arte, Agifesek kronikotasun-maila handieneko helduak artatu ditu, batik bat, baina haurren eta gazteen arreta-eskaerari erantzuteko, proiektu pilotu bat abiarazi du. Hain zuzen ere, buru osasuneko arazoak dituzten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei lagunduko die. Nekane Azuabarrena Agifeseko psikologoaren hitzetan, «bizi-proiektu propio eta itxaropentsu bat diseinatzen laguntzea da asmoa, haien beharrak eta motibazioak kontuan hartuta». Ekimena zortzi gazterekin eta haien familiekin garatuko da 2021ean eta 2022an, eta datorren urtetik aurrera biztanleria-talde horrentzako zerbitzu espezifikoak ezartzeko helburua dago.
Prozesu horretan parte hartzen duten gazteek eta haien senideek laguntza psikologiko eta emozionala jasoko dute, astean behin edota hamabostean behin gauzatuko diren banakako eta taldeko laguntza-saioen bidez. Gazteentzako eta familientzako gai espezifikoei buruzko tailerrak ere antolatuko dira hilero. Era berean, proiektuan parte hartzen dutenek aisialdi-, kirol-, prestakuntza- eta lan-jardueretan parte hartzeko laguntza izango dute, beren nahi eta interesekin bat datorren bizitza-proiektu bat garatu ahal izateko.