GAUR8

Digestio patologietako espezialistak Gasteizen bilduko dira azaroaren 5ean eta 6an

Ehun espezialista baino gehiago bilduko dira Gasteizen, hurrengo 5 eta 6an, Hego Euskal Herriko Patologia Digestiboko elkarteak antolatutako 43. batzarrean. Bertan, berrikuntza zientifiko eta terapeutiko nagusiak eta esperientzia klinikoak partekatuko dituzte.

Digestio patalogien gaineko biltzarra Gasteizen izango da. (Endika PORTILLO/FOKU)
Digestio patalogien gaineko biltzarra Gasteizen izango da. (Endika PORTILLO/FOKU)

Hego Euskal Herriko Patologia Digestiboko elkartearen 43. batzarra Gasteizen izango da, hurrengo azaroaren 5ean eta 6an. Hegoaldeko lau lurraldeetako espezialistak biltzen dituen elkarteak azaldu duenez, formatu hibridoa izango du, online eta aurrez aurreko saioak uztartuz, eta arloko berrikuntza zientifiko eta terapeutiko nagusiak eta esperientzia klinikoak ezagutzeko aukera eskainiko du.

Ohar batean azaldu dute azken hamarkadetan digestio patologiek izan duten gorakadaren atzean «estresa, sedentarismoa, elikadura-ohitura desegokiak» daudela, «baina baita biztanleriaren zahartzea eta diagnostikoen hobekuntza ere».

«Gaur egun, digestio-aparatuko gaixotasunak, tumoreak alde batera utzita, ospitaleratzeko bigarren arrazoia» dira, zirkulazio-aparatuko gaixotasunen atzetik soilik, azaldu dutenenez. Esandakoaren arabera, digestio patologia da ospitaleratzeen % 12,4ren diagnostiko nagusia, eta 5,6 eguneko batez besteko egonaldia eragiten du ospitaleetan.

Lau lurraldeetako ospitale publiko eta pribatu nagusietako, baina baita Bartzelonako eta Madrilgo erreferentziazko zentroetako (Bellvitgeko Unibertsitate Ospitalea edo Gregorio Marañón Unibertsitate Ospitale Orokorra, kasu) ospe handiko ia 30 hizlarik parte hartuko dute bileran.

Beherako kroniko funtzionala eta mina

Bilkuran eguneratuko diren gaien artean, biztanleriaren %5 ingururi eragiten dion beherako kroniko funtzionalei dagokiena nabarmendu dute. Bileraren bigarren egunean, «patologia digestibo akutuan eta kroniko funtzionalean» mina nola tratatu aztertuko dute eta ikerketa-proiektuen aurkezpena izango dela aurreratu dute.

Bestalde, bileran, sariak eta bekak banatuko dira eta formakuntza egiteko espazioa izango da. Izan ere, endoskopia teknika aurreratuari buruzko mahai ingurua egingo da, eta tailerrak ere egongo dira, besteak beste Francisco Zozaya Nafarroako Unibertsitateko Digestio Klinikako espezialistak ultzera peptikoen tratamendua, arrisku handiko kontsulten kasuan deribazioa eta pankreatitis kronikoaren tratamenduari buruzkoa gidatuko du.