GAUR8

Mugaz gaindiko laborategi berri bat parkisona ikertzeko

Lankidetzarako mugaz gaindiko laborategi berri bat aurkeztu dute ostiral honetan EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak Euskampus Bordeaux Egunean. Ikerlariek gaixotasunak eragindako mugimendu-arazoak eta alterazio neuropsikiatrikoak aztertuko dituzte, besteak beste.

Eva Ferreira EHUko errektoreak makila bat eman dio omenaldi gisa, bere agintaldiaren maieran dagoen Manuel Tuñon de Lara Bordeleko Unibertsitateko errektoreari. (Justy GARCIA/EUSKAMPUS)
Eva Ferreira EHUko errektoreak makila bat eman dio omenaldi gisa, bere agintaldiaren maieran dagoen Manuel Tuñon de Lara Bordeleko Unibertsitateko errektoreari. (Justy GARCIA/EUSKAMPUS)

Ostiralean aurkeztu zuten mugaz gaindiko lankidetza laborategi berria, Euskampus-Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusaren itxiera ekitaldian. Parkinsonen gaixotasunean eta zehazki gaitzak eragindako konplikazio motor eta ez-motorren (mugimendu arazoak eta alterazio neuropsikiatrikoak, besteak beste) oinarri neuronalen ikerketa izango du ardatz laborategi berriak.

EHU eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko lankidetzan oinarritutako proiektua da ComorPD (Laboratory for Transborder Cooperation in Non-motor CoMorbidities in Parkinson's Disease) izeneko laborategi berria, eta Euskal Herriko eta Bordeleko ikerketa taldeek elkarrekin lan egitea du helburu, «emaitza zientifikoen balio erantsia handitzea ahalbidetzen» duen beste egitura bat sortuz.

«Laborategi honekin, osasun arloko lehena, dagoeneko bost LTC martxan daude. Beste laurek eskala kuantikoko kimika-fisikan, fabrikazio aurreratuan, matematika aplikatuan eta hormigoi jasangarrietan» aritzen direla azaldu du Euskal herriko Unibertsitateak.

Ostiral honetan izan den ekitaldian, unibertsitate biek eta lankidetzan bazkide ere diren DIPC eta Teknaliak garatzen ari diren 20 ekimen bateratu baino gehiago aurkeztu dituzte. Proiektuen arduradunek azken urtean egindako aurrerapenak zehaztu dituzte.

Egitasmo horien artean, hizkuntza gutxituen irakaskuntza, antibiotikoekiko erresistentzia edo covid-19ak sortu dituen arazo konplexu eta dimentsio anitzekiko hurbilketaren inguruko ikerketak daude.