GAUR8

Ariketa fisikoak gaitz neurologikoak prebenitzeko eta tratatzeko duen ahalmena, AERGIren gela irekian

AERGI elkarteak ariketa fisikoak osasunerako duen garrantzian sakonduz emango dio hasiera urtero antolatzen dituen Gela Irekiei. Kirolak gaixotasun neurologikoak prebenitzeko eta tratatzeko duen boterean jarriko dute fokua gaur bertan, Aitor Martin adituaren eskutik.

Bizitza osoan zehar ariketa fisikoa egiteak dituen onurak azalduko dituzte asteleheneko topaketan.
Bizitza osoan zehar ariketa fisikoa egiteak dituen onurak azalduko dituzte asteleheneko topaketan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Etorkizun hurbilean emakumeen erdiak eta gizonen herenak gaixotasun neurologikoren bat izatea aurreikusten da, hala nola iktusa, dementzia edo parkinsonismoa. Donostia Ospitaleak 600 iktus kasu baino gehiago artatzen ditu urtero. Datuok adikzio ezberdinak dituzten pertsonei laguntza ematen dien AIERGI elkarte gipuzkoarrak eman ditu, gaurko antolatu duen gela irekiaren harira.

Ohar batean azaldu du urte berriarekin ohikoa izaten dela sasoian jartzeko helburua, eta horregatik aukeratu dute ariketa fisikoa lehen gela irekian jorratzeko gaia, «gaixotasun neurologikoen aurkako arma eraginkor gisa». Gaian sakontzeko, Aitor Martin EHUko irakasle eta fisioterapeuta gonbidatu dute, Neurozientzien masterra daukana.

Martinek gogoratu duenez, gero eta urte gehiago bizi izateak 600 gaitz neurologiko baino gehiago pairatzeko arriskua areagotzen du. Ondorioz, funtsezkoa da prebentzioa kontuan izatea, adituaren ustez.

Nabarmendu dutenez, bizi osoan zehar egin behar da ariketa fisikoa, horrek luzerako «erreserba fisiologikoa» eragiten baitu. «Iktus bat edukitzean, adibidez, bizitza osoan ariketa fisikoa egin duen pertsona baten erreserba fisiologikoa handiagoa da egin ez duena baino», azaldu dute.

Horrekin batera, kirola egiteak buruko osasunerako duen garrantzia azpimarratu dute, garai honetan hainbeste hazi den depresiori aurre egiteko duen eraginkortasuna gogoratuz.

Praktikaren inguruko gakoak

Eritasunen prebentzioari eta tratamenduari dagokienez duen garrantzia azaltzeaz gain, ariketa fisikoaren praktikaren inguruko gako batzuk emango ditu adituak gaurko topaketan, aurreratutakoaren arabera.

Hitzaldia 19.30ean hasiko da, eta osasun egoeragatik edukiera murriztua izango du. Hala ere, online jarraitu ahal izango da elkartearen webgunearen bidez: www.aergi.es

Aurten ere, AERGIko Ikasgela Irekiak osasunaren eta adikzioen munduko adituak bilduko ditu, ezagutza sustatzeko.