GAUR8

Zahartzaroan ariketa fisikoak garuneko osasuna nola babesten duen ikertu dute

Ariketa fisikoa egiteak trebetasun kognitiboetarako eta buruko osasunerako dituen onuretan ematen diren prozesu biologikoak aztertu dituzte. Ondorioztatu dutenez, ariketak proteina jakin batzuen maila handitzen duela, eta horrek zelulen arteko komunikazioa hobetzen du. Beraz, «funtsezko faktorea izan daiteke dementziari aurre egiteko».

Alfredo Ramos-Miguel ikertzaileak sei urtez, bertatik bertara jarraitu du «Memoria eta Zahartzea Proiektua (MAP).
Alfredo Ramos-Miguel ikertzaileak sei urtez, bertatik bertara jarraitu du «Memoria eta Zahartzea Proiektua (MAP). (EHU)

Zahartze osasuntsu bat sustatzearen bidean, dieta orekatu bat izatea eta ariketa egitearen gomendioak, besteak beste, ez dira berriak. Izan ere, frogatuta dago jarduera fisikoa lotuta dagoela Alzheimer gaixotasunaren eta beste dementzia batzuen intzidentzia txikiago batekin. Orain, ikerketa batek eragin onuragarri horien atzean dauden prozesu biologikoak aztertu ditu.

Lanari buruzko artikulua “Alzheimer & Dementia” aldizkari entzutetsuan argitaratu da, eta EHUko Farmakologia Saileko eta Osasun Mentaleko CIBER zentroko ikertzaileen parte hartzea izan du. Alfredo Ramos-Miguel artikuluaren egileetako batek azaldu duenez, zenbait saiakuntza klinikotan ariketa fisiko moderatua terapia gisa sartuta, haren «eragin positiboa» frogatu da «bai kognizioan, bai kortex lodieran».

Azaldutakoaren arabera, animalia ereduen azterketa aurreklinikoek iradokitzen dute ariketa fisikoak trebetasun kognitiboak handitu ditzakeela «sinaptogenesia» areagotzearen ondorioz, «hau da, konexio neuronal berriak sortuz», baina «giza burmuinean azterketa molekularrak egiteko zailtasunak mugatu» egiten du «zer mekanismo biologikok esku hartzen duten aurkitzeko probabilitatea».

Chicagoko (AEB) Rush Alzheimer’s Disease Centerren “Memoria eta Zahartzea Proiektua” (MAP, ingelesezko sigletan) garatzen ari da. Boluntarioekin luzeketarako eta prospekziorako azterlan bat gidatzen ari dira, 1997. urtetik. «Azterlan horren diseinuak aukera ematen du eguneroko ohiturak eta osasun egoerak eta parte hartzaileen burmuinetan gertatzen diren egiturazko asaldurak eta alterazio funtzionalak zuzenean erlazionatzeko», azaldu dute.

400 pertsonen azterketa, zendu ostekoa barne

Proiektu horren baitan 400 lagun baino gehiagoren emaitzak aztertu dituzte, eta hil osteko azterlana egin dute, gaitasun kognitibo eta psikomotorretarako funtsezkoak diren hamabi garun eremuren laginak jasotzeko. «Lortutako emaitzek berretsi zuten eguneroko jarduera fisikoaren tasa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago eta funtzionalagoak direla oro har, aztertutako proteina sinaptiko guztiak», azaldu dute.

Memoria eta zahartzearen inguruko proiektuaren funtzionamendua eta garapena zuzenean ezagutu duen Ramos-Miguelek azpimarratzen duenez, «azterlan horrek agerian uzten du, gizakietan lehen aldiz, ariketa fisikoa egitea, baita adin aurreratuetan ere, lagungarri dela sinaptogenesi prozesuak sustatzeko edo lesio neuropatologikoen efektu hilgarrien aurreko erresilientzia sinaptikoa areagotzeko».

Ondorioztatukoan oinarrituta, nabarmendu dute osasun sistema publikoek sedentarismoa gutxitzeko estrategia prebentiboak eta terapeutikoak sustatu beharko lituzketela. Gogoratu dutenez, uste da sedentarismoa, urtero, lau milioi dementzia kasu baino gehiagoren jatorrian dagoela.