GAUR8

«Pertsonak erdigunean» jartzen dituen «kontziliazio plan aurrerakoia» Galdakaon

Galdakaoko Udalean «neurri aurrerakoiak» ezarri dituen kontziliazio plana adostu du udal gobernuak sindikatu guztiekin eta udalbatzaren aho beteko babesarekin. Langileen ordezkariek «eredutzat» jo dute.

Kontziliazio Plana sinatu duten ordezkariak, irudian.
Kontziliazio Plana sinatu duten ordezkariak, irudian. (Galdakaoko Udala)

Galdakaoko Udalean Kontziliazio Plan bat adostu dute, alderdi politiko guztien eta ordezkaritza duten lau sindikatuen babesarekin. Zaintza eta lanaren arteko beharrezko uztarketa horretan, «pertsonak erdigunean» jarri dituen ariketa izan dela nabarmendu du Iñigo Hernando alkateak.

Plana urtebeteko lanaren emaitza da, eta hainbat neurri zehazten ditu, sor daitezkeen egoera ezberdinei erantzunez. Jasotzen dituen neurrien artean langile guztiei errekonozitzen zaien ordutegi malgutasuna aipatzen du: bi ordu, goizeko txandetan zein arratsaldekoetan, eta behar bereziak dituzten pertsonen kasuan, malgutasun hori areagotzeko aukera.

Ordaindutako lanaldia murrizteko aukera planak aurreikusten duen beste egoera posible bat da, «oso gaixotasun larria duten hurkoak zaintzeko edo indarkeria matxista jasan dutenentzat». Era berean, ordaindu gabeko lanaldia murrizteko aukera eskaintzen du gaixotasuna sendatzeko, eta radioterapia edo kimioterapia bezalako tratamenduak amaitu ondoren, egokitzapen progresiboa eskatzeko aukera izango dute.

Zehaztutako neurrien artean, baimen eta lizentziak hartzeko aukera areagotzen du plan berriak, «bizitzako hainbat etapa eta egoera kontuan hartuta».

Testuinguru horretan kokatzen dituzte zerrendatu dituzten hainbat egoera: «haurdunaldietako azterketak eta prestaketak egiteko saioak; haurdunaldia eten den kasuetan; ernalketa artifizial kasuetan; adopzio edo harrera egoeratan; ospitaleratzerik behar ez duten kirurgia interbentzioetan; bikotekide, senide edo beste hurkoen istripu edo gaixotasun larrien kasuetan; adingabeak edo 65 urtetik gorakoak medikuarenera laguntzeko; adopzio kasuetako bileretarako…».

Hiru urtera arteko eszedentziak

Eszendentziei dagokienez, hiru urtera artekoak errekonozitzen dira «senide bat zaintzeko, elkarbizitza edo familia taldea mantendu ahal izateko, edo indarkeria matxistagatik».

Planak, «itzalaldi politika gisa ezagutzen den kontzeptua» ere jasotzen du bizitza pertsonala eta profesionala bereizteko, eta «etengabe konektatuta ez egoteko eskubidea aitortzen» du.

Barne batzorde bat eratuko dute, bestalde, planak jasotzen ez dituen baina sortu litezkeen egoera bereziak banan-banan aztertzeko.

Galdakaoko Udalean ordezkaritza duten LAB, ELA, CCOO eta SVPE sindikatuek «eredutzat» jo dute plana, «ohiko planetan agertzen ez diren neurriak» jasotzen dituelako, azpimarratu dute udal gobernu taldetik.

Akordioa erdiesteko prozesu bera ere goraipatu dute langileen ordezkariek. «Lan talde bat sortu zen langile, sindikatuetako ordezkari eta arduradun politiko eta teknikoen artean eta bertan adostu eta negoziatu da kontziliazio plana», azaldu zuen Aiora Azagirrek sindikatu guztien izenean.

Langileen ordezkariek azpimarratu dutenez, planak agerian utzi du «bizitza kudeatzeko beste eredu bat egon daitekeela».


Galdakaoko Udalean «neurri aurrerakoiak» ezarri dituen kontziliazio plana adostu berri du udal gobernuak sindikatu guztiekin eta udalbatzaren aho beteko babesarekin. Langileen ordezkariek «eredutzat» jo dute.