GAUR8

Literatura, artea eta feminismoari buruzko astearteak Bizkaiko Foru Liburutegian

Euskal Herriko literatura, artea eta feminismoari buruzko hitzaldi-zikloa antolatu du Laida Ikerketa Taldeak Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan. Martxoko astearte guztietan eta apirilaren lehenengoan ospatuko diren saio horietan, «Artea, Literatura eta Feminismoak» liburuak eskaintzen dituen zenbait gakotan sakonduko da.

Bertsolaritza hitzaldi-zikloan jorratuko den arloetako bat da. Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, artxiboko irudian.
Bertsolaritza hitzaldi-zikloan jorratuko den arloetako bat da. Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ekimenaren jatorrian, “Artea , Literatura eta Feminismoak” liburu kolektiboa dago. Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua da gaia interesekoa duten guztiekin liburuan jorratzen diren hainbat gako partekatzea.

Lehen hitzaldia astearte honetan ospatuko da, Susana Jodra EHUko Arte Ederretako irakaslearen eskutik, “Ikuspegi feminista eta ingurumenarekiko ikuspegiak euskal arte garaikidean” izenburupean.

Iratxe Larrea eta Txaro Arrazola EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasleek eta Jon Martin, Amelia Benito del Valle eta Jon Kortazar Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleek eskainiko dituzte hurrengo hitzaldiak.

Emakume artisten oztopoak

Martxoaren 8ko hitzaldian, artearen munduan emakumeek aurkitzen dituzten oztopoei eta duten agerpenari buruzko hausnarketa partekatuko du Iratxe Larreak. Bertsolaritza mundua hurrengo berbaldiaren (martxoak 15) gai zentrala izango da. Jon Martin irakaslearen eskutik, bertsolaritza munduan emakumeek lortu duten presentziaren azterketan sakontzea da proposamena.

Hilaren 29an, Txaro Arrazola irakasleak «emakumeen bizitzan garrantzitsuak diren sortu eta ugaldu sentipenei buruzko pentsakizuna» azalduko du, eta azken hitzaldian, apirilaren 5ean, Amelia Benito del Vallek eta Jon Kortazarrek gaurko euskal emakume literatura aztertuko dute.

Bizkaiko Foru Liburutegiko Areto Nagusian ospatuko dira hitzaldiak, 19:00etan hasita. Bost saioetako lau euskaraz izango dira, eta bakarra gazteleraz, eta sarrera mugatua izango da, aurreratu dutenez.