GAUR8

Euskal Herriko Trikitixa Eguna Pasaian ospatuko dute larunbatean

Euskal Herriko Trikitixa Egunak ia 600 trikitilari bilduko ditu larunbatean, Pasaian. Herrian zehar ibiliko diren kalejirak 11.30ean hasiko dira, arratsaldean kalejira erraldoia egingo dute, eta eguerdiko kontzertuetarako lau gonbidatu berezi dituzte: Triki Blinders, Trikidantz, Iratzar eta Korrontzi taldeak.

Euskal Herriko Trikitixa Eguneko antolatzaileak, egitarauaren aurkezpenean.
Euskal Herriko Trikitixa Eguneko antolatzaileak, egitarauaren aurkezpenean. (Euskal Herriko Trikitixa Elkartea)

Ia 600 trikitilarik eman dute izena dagoeneko larunbatean Pasaiak hartuko duen Euskal Herriko Trikitixa Egunean parte hartzeko.

Aurten 50 urte betetzen dituzten Euskal herriko Trikitixa Elkarteak eta Trintxerpeko Illumbe Musika Elkarteak elkarrekin antolatu dute egun osoko jaialdia, eta izandako «izen emate arrakastatsua» nabarmendu dute.

Aurreratu dutenez, ia 600 trikitilarik eman dute izena, «eta bazkaritan 800 ere elkartuko» direla zehaztu dute. Izan ere, Hegoaldeko lau herrialdeetako eta Lapurdiko 38 trikitixa eskola edo talde izango dira Pasaian.

Lau kontzertu

Larunbatean, lehen hitzordua 11.30erako finkatu dute, Pasaiako lau barrutietan elkartzeko. Handik ordu erdira kalejirak abian jarriko dira, eta 13.00etarako gonbidatu bereziek eskainitako doako kontzertuak hasiko dira puntu ezberdinetan.

Pasai Donibanen, Santiago Plazan, Trikidantz nafarrek joko dute; Pasai Antxon, Gure Zumardia plazan, Bizkaiko Korrontzi taldearen kontzertua izango da; Pasai San Pedron, frontoian, Gipuzkoako Iratzarrek joko du, eta Trintxerpen, Serafin Esnaola plazan, Lapurdiko Triki Blindersen kontzertua izango da.

Herri bazkaria Ciriza Etxean egingo dute, eta 18.00etan kalejira erraldoia egingo dute Trintxerpeko kaleetan zehar, Gernika Plazan famili argazki batekin bukatuko dena.