GAUR8

Entzute eta Erantzute Sarea sortu du EHUk, arazo psikosozialak dituzten ikasleei laguntzeko

EHUk abian jarri duen proiektua esku-hartze komunitarioko egitasmoa da, ikasleen artean egon daitezkeen arazo psikosozialak detektatu eta laguntza emateko. Prestakuntza labur bat emango zaie ekimenean parte hartu nahi duten ikasle eta irakasleei.

Ikasleak EHUko Leioako campusean, artxiboko irudian.
Ikasleak EHUko Leioako campusean, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Ezagunak dira gizartean, orokorrean, gogo-aldartean eta egoera psikologikoan pandemiak izan dituen eraginak. Pertzepzioa bazegoen ere errealitate hori EHUko ikasleen artean ematen ari dela egiaztaten duten datuak badaudela  adierazi dute ikastegietako dekano eta zuzendaritza taldeek, eta «ezinegon hori hautemateko eta arintzeko» Entzute eta Erantzute Sarea proiektua jarri dute abian.

Arreta Psikologikorako Zerbitzuko datuak dira. Zehaztu dutenez, kontsulten kopurua %25 hazi da ikasturte honetako lehen hilabeteetan. Arazoa, halere, handiagoa izan daitekeela uste dute, arrazoi ezberdinengatik ondoeza adierazi ezin dutelako edota ondoezari aurre egitea eta kudeatzea zailago egiten zaielako, zerbitzuetara jo ez duten ikasleak egongo direla jakitun.

Errealitate horren aurrean, unibertsitate komunitatearen eskutik garatu nahi den esku-hartze proiektua da Entzute eta Erantzute Sarea, «ikasleen beharrei modu pragmatikoan eta eraginkorrean erantzuteko».

Egitasmo parte-hartzailea

Nabarmendu dutenez, proiektu parte-hartzaile bat da. Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoretzak sustatzen du eta «ikasleen, irakasleen eta unibertsitate-zentroen arteko lankidetza-egitura informal bat sortzea du helburu». Egitasmoak Ikasleen Zuzendaritzaren eta Arreta Psikologikorako Zerbitzuaren laguntza du, «covid-19ak ikasleengan eragindako inpaktuari erantzuna emango dion esku-hartzea ahalbidetzeko».
 
Helburua, nabarmendu dutenez, «pandemiak eragindako ikasle ahulenen beharrei aurreneko erantzuna ematea» da, inplikatutako eragile guztien elkarlanari esker. Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko arduradunak zehaztu du asmoa ez dela eragile horiek «psikologo, gizarte langilea, aholkulari juridiko edo orientatzaile akademiko bihurtzea», baizik eta «prestakuntza labur baten bidez» tresnak ematea «lehenik eta behin ikasle jakin batzuen ondoezaren jatorria antzeman eta ulertzeko, eta, ondoren, Unibertsitateak edo kanpoko beste erakunde batzuek eskaintzen dizkieten eta beren egoera arintzen lagun diezaieketen baliabideak ezagutarazteko».

Sarearen funtzionamenduaz, ikastegietan lehendik zeuden  koordinazio-egituretan oinarritzen dela azaldu dute. Era berean, zehaztu dute ondoez arineko egoerak direla proiektuan inplikatutako ikasleek edo irakasleek entzun, lagundu edo orientatu beharko dituztenak, eta ondoez larriagoak Arreta Psikologikorako Zerbitzura bideratuko direla.

Azaldutakoaren arabera, parte hartzaileekin bileren lehen fase bat egin da eta kezkak jasota beste fase bat abiatuko da ikastegietan prozedura aurkezten jarraitzeko eta prozesu parte-hartzaile baten bidez sarea diseinatzeko proposamenak jasotzeko komunikazio-kanalak irekiko dituztela aurreratu dute.

Ekarpenak jaso ondoren Sarea aurkeztu eta hurrengo hilabeteetan proiektuan parte hartuko duten eragileen prestakuntza ikastaroak diseinatuko direla zehaztu dute. Era horretara, esku-hartzea hurrengo ikasturtean jarriko dute abian, «inplikatutako eragileen etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginez».