GAUR8

Basqueland, bigarrenez «urteko garagardogilerik onena» Barcelona Beer Challenge txapelketan

Basqueland Hernaniko artisau-garagardogilea «urteko garagardogile onena» izendatu dute bigarrenez jarraian Barcelona Challenge txapelketa ospetsuan. Euskal markako garagardoek urrezko bi domina, zilarrezko beste bost eta brontzezko bat jaso dituzte.

Basqueland garagardogileko ordezkariak, Barcelona Beer Challenge lehiaketako sari banaketan.
Basqueland garagardogileko ordezkariak, Barcelona Beer Challenge lehiaketako sari banaketan. (Basqueland)

Basqueland Brewing garagardo ekoizlea «urteko garagardogilerik onena» izendatu dute Bartzelona Beer Challenge (BBC) txapelketan. Estatu espainolean ospe handia duen lehiaketaren zazpi urteko historian, saria bi urtez jarraian irabazi duen lehena bilakatu da Hernaniko artisau garagardogilea.

Saria, gainera, «mugarri berri bat» da «hazten ari den» enpresarentzat, azpimarratu dutenez. Azken urteko datuei erreparatuta, 2,7 milioi euroko fakturazioa eta 60.000 litro inguruko ekoizpena lortu ondoren, orain «diru sarrerak %40 handitzea eta 800.000 litroko ekoizpenera» heltzea lortzea da 2015ean sortu zen euskal ekoizlearen helburua.

Txapelketan lortutako aitorpenaren garrantzia azpimarratu dute, inoiz baino parte-hartze handiago izan baitu lehiaketak aurten. Izan ere, aitorpena 215 garagardogile eta 1.315 garagardo aurkeztu diren sariketa batean jaso du garagardogile hernaniarrak.

«60 epaile espezializatuk martxoan baloratu zituzten garagardo parte-hartzaileak, eta zortzi domina eman zizkioten Basqueland markaren Santo Tomas, Tiki Idol, Cat Skills, Matryoska, S´mores, A larger Day, Liver Forever eta Barrel Works Cognac garagardoei; urrezko bi domina, zilarrezko bost eta brontzezko bat.

Saritutako garagardoen artean, Tiki Idol eta Live Forever nabarmentzen dira, «urrea eta zilarra ‘frutadun espeziadun garagardoa’ kategoria esperimentalean, edo Barrel Works Cognac, Basquelandek 2020ko neguan abiatu zuen eta pixkanaka fruituak ematen hasia den upel-programaren emaitza», azaldu dute.

Ekoizpena bikoiztu

Inbertsio handi bat egin ostean, 2021eko ekoizpena bikoiztea da Basquelanden helburua, 2023. urtean 1,25 milioi litrora heltzeko. Bide horretan, ekoizpen prozesua hobetzeko azken urteotan hainbat makina eta azpiegitura berri ezarri dutela gogoratu du Hernaniko enpresak.

Egun, ekoizpenaren %30 esportatzen du «bai garagardo-tradizio handiko herrialdeetara, bai craft sektorean ospe handia duten lurraldeetara. Besteak beste, Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Norvegia, Danimarka, Herbehereak, Suitza eta Austrian saltzen du bere produktua», zehaztu dutenez.

Estatu frantsesa da garagardotegi hernaniarraren bigarren merkatua, hara esportatzen baita ekoizpenaren %15. «Gainera, Euskadiko garagardotegi nagusia da, bolumenari eta kalitateari dagokionez, eta gero eta presentzia handiagoa du Katalunian eta Madrilen», azpimarratu dute.