GAUR8

Odol analisietan erabiltzen den teknika bat, tumoreak diagnostikatzeko

EHUko ikertzaileak odol analisietan erabiltzen den teknika bat aztertzen ari dira tumoreak diagnostikatzeko bide arinago bat aurkitzeko. Azterlan baten arabera, fluxu zitrometriak tumore zelulen mota zehazteko balio du, eta terapia pertsonalizatuak diseinatzen lagun dezake.

Ikerlana Jonathan Wong doktoreak zuzendu du.
Ikerlana Jonathan Wong doktoreak zuzendu du. (EHU)

Odol analisietan erabiltzen den teknika bati esker, tumoreak diagnostikatu ahal izango lirateke pleurako eta peritoneoko likidoetan. Ikerketa lerro horretan lanean ari diren EHUko ikertzaileek diagnostikoa erraztu eta arindu dezakeen soluziobidea bilatzen ari dira.

Testuinguruan jartzeko, gogoratu dute «tumore gaiztoak espazio pleuralean (barrunbe torazikoan) eta espazio peritonalean (barrunbe abdominalean) likido pilatzearen ohiko kasua bat» direla, eta «isuri neoplasiko horietako bat diagnostikatzen denean, pazientearen biziraupena nabarmen murrizten» dela.

Gaur egun, isuri horiek diagnostikatzeko metodo nagusia zitologia da, baina «oso motela» da, «zaila da ospitale laborategi baten automatizazioan sartzea», eta «desadostasunak sortzen dira behatzaile batek une edo garai desberdinetan aztertzen duenean, zitologiak zelulen ezaugarriak baloratzen dituelako».

Odol azterketan erabiltzen den fluxu zitrometria likido pleuralari eta aszitikoari aplikatuta, gabezia horiek bete ditzakeela uste dute ikertzaileek. «Zitologia baino azkarrago egiten da, errazago automatizatzen da, eta behatzaileen arteko aldakortasun txikia du, zenbakizko emaitzak baloratzen baititu ez ezaugarriak», zehaztu dutenez.

Biodonostiako ikertzaileek, EHUk, Gaixotasun Hepatiko eta Digestiboei buruzko Sareko Ikerketa Zentroak (CIBERehd) eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleak azken urte hauetan egindako azterlanetan teknikaren baliagarritasuna ondorioztatu da.

Luis Bujanda doktoreak koordinatu eta Jonathan Wong Arteta doktoreak zuzendu duten ikerketak egiaztatu du «fluxu ziometria baliagarria dela isuri neoplasikoen baheketan, subjektibotasuna saihesten baitu eta diagnostikoko erantzun denbora hobetzen baitu».

«Antigorputz espezifikoak erabiliz eta ondoren zitometroaren bidez aztertuz, tumore zelulen presentzia zehaztu ahal izan zuten», azaldu dute ikerketa prozesuaz, eta aztertzeko bide berriak zabaldu ditu. «Era automatizatuan eta sistematikoan ere detekta litezke tumore zelulak beste likido batzuetan, giza gorputzeko beste kokapen batzuetan tumorea agertu eta sintomak eragin baino lehen aurrea hartu edo horiek prebenitzeko neurriak hartu ahal izateko», agertu du Wongek.