GAUR8

Bizkaiko industrializazioan emakumeek bete duten «zeregin garrantzitsu eta ahaztuaren» omenezko erakusketa eta liburua

Bizkaiko Batzar Nagusiek industrializazioan emakume langileek izan zuten garrantzia oroitu eta balioan jarri nahi duen erakusketa antolatu dute Enkarterrin, Kadagua ondoko frabriketako mundu hura bisitarien begien aurrean jarriz. «Lantegiko emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika» du izenburu, gaiaren inguruan Javier Barriok egindako ikerlana jasotzen duen liburuak bezala.

Erakusketa
Erakusketa (Bizkaiko Batzar Nagusiak)

Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatuta, Enkarterrietako Museoan “Lantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika” ikus daiteke, industrializazioan emakumeek izan zuten «zeregin garrantzitsu eta ahaztua» oroitu eta haren balioa nabarmentzeko. Urte bukaerara arte bisitatu ahal izango den erakusketarekin batera, Javier Barrio gaiaren ikertzailearen izenburu bereko liburua aurkeztu dute Batzar Nagusiek.

Museoaren “Lantegietako Emakumeak” proiektuaren bigarren fasearen barruan dago erakusketa, eta Enkarterriko hamaika lantegitako argazkiz, ilustrazioz, produktuz eta makinez osatutako bilduma dago ikusgai. Garai haietako egoera ekonomiko gogorra erakusteaz gain, eskualdeko industria-egitura irudikatzen duela azaldu dute. «Egitura hori ez zen siderurgian bakarrik zentratu, papera, kaxak, ustezko edo espartzuzko zakuak, erretzeko papera, altzariak, txapelak hestebeteak ere» bazeudela gogoratu dute Batzar Nagusiek.

Nabarmendu dutenez, «ehun argazki zahar baino gehiago dira erakusketaren arima, XIX. mendearen amaieratik XX. mendeko 70-80ko hamarkadara bitartekoak, gehienak eskualdeko emakumezkoek eta hainbat kultur erakundeek lagatakoak».

Industriako piezak

Bisitaria industria-giro horretara eramateko espazioa ere atondu dute, lantegietan behar egiten zuten emakumezkoen irudiak jasotzen dituzten Aline Soberoren ilustraziorekin.

Industriako zenbait pieza ikus daitezke, horien artean altzari tailer baten parte izan ziren XX. mendearen hasierako hiru makina handi, baita garaiko lantegietako zenbait dokumentu eta joan den mendeko 50. hamarkadan Kadagua ibaiaren ertzeetan instalatu ziren enpresetan fabrikatutako hainbat produktu arrakastatsu ere. Horien artean daude Plaza Hermanosen arropa lisatzeko plantxa ezagunak, beste zenbait etxetresna elektriko edota “El Elefante” komuneko paper zahar ezaguna.

Javier Barrioren liburua gaiaren inguruko ikerketaren emaitza da. Nabarmendu dutenez, emakume horiek garaiko industrian jokatzen zuten papera aztertu eta testigantzak eta dokumentuak batu ditu.