GAUR8

Tratu ona bermatzeko tresnak aktibatzea eskatu dute, haurren kontrako indarkeriaren aurkako egunean

Haurren kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean, «BOEtik ekintzetara pasatzeko» eskatu die Save The Childrenek instituzioei. Diskurtsoa ere aldatu beharra planteatu du, «tratu onez hitz egiten hasi» eta haziera positiboak landuz.

Haurrak kalean jolasten, artxiboko irudian.
Haurrak kalean jolasten, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Apirilaren 25ean Haurren kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da, eta horren harira Save The Childrenek tratu ona bermatzeko estrategiak aktibatzea eskatu die erakundeei. Izan ere, «BOEtik ekintzetara pasatzeko» eskaera plazaratu du, «maila administratibo» guztiei zuzenduta, onartutako estrategia eta neurri guztiak praktikan jartzeko beharra nabarmenduz.

GKE-ak gogora ekarri du Estatu espainolean Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Babesteko Lege Organikoa bederatzi hilabete indarrean egon arren, ez dela «aurrerapenik ikusi oraindik». Gaur bertan EAEn aurkeztuko den “Haurren eta Nerabeen kontrako indarkeriaren euskal estrategia» ere aipatu du.

Azpimarratu dutenez, «tresna eraginkorrak behar dira indarkeriaren aurka borrokatzeko ez ezik, haur eta nerabeen garapenarekin errespetuz jokatuko duen haziera babesten laguntzeko; ‘tratu ona’ esaten diogun hori emateko, alegia».

Aipatutako tresna legalez gain, lagungarriak izan daitezkeen bestelako neurriak martxan jartzearen beharra agertu du. Testuinguru horretan kokatzen ditu «gatazken konponbiderako familiei zuzendutako trebakuntza-programak, jaiotzaren inguruko arreta mediko eta psikologikoa amentzat edo gizarte-zerbitzuek familiei laguntzea, batik bat arrisku-egoeretan esku hartzeko planak eginez».

Azaldu du, halaber, kontzientziatzeko kanpainak, gaiaren inguruko ikerketak, informazio erregistroak eta familiekin lan egiten duten esparru guztietako profesionalen prestakuntza oso urrats baliotsuak direla borroka horretan.

Gizarteak tratatzeko duen modua

Tresna horiez gain, bestalde, diskurtsoa aldatzearen beharraz ere hitz egin du Save The Childrenek: «tratu onez hitz egiten» hasteko proposatuz. «Tratu onak familiaren eremua gainditzen du, eta haurrak eta nerabeak tratatzeko oro har gizarteak duen moduari egiten dio erreferentzia, indarkeriatik harago joanez», adierazi du Sara Polo EAEko Save The Childreneko haur-politiken arduradunak.

Antolakundeak nabarmendu ditu, era berean, haurrenganako indarkeriak dituen proiekzio eta inzidentzia zabalak. 2019. urtean Ertzaintzak emandako datuak ekarri ditu gogora, 621 kasu jaso baitziren, 2016. urteko datuekin alderatuta %58ko igoera erakutsiz.

Urte berean, «familien harremanen aurkako delituengatik» Fiskaltzak irekitako 953 aurretiazko eginbideak gogoratu ditu, eta horien barruan bereziki «pentsioak ez ordaintzea (631)» eta «familia eta haurrak abandonatzea (199)» aipatu ditu, besteak beste.

Gizartean aurrean daukan erronkaz, Save The Childrenek gogoratu du «tratu ona kontzeptu zabala» dela, eta «familiaren esparruan, haziera positiboa adierazten duela». Zehaztu duenez, testuinguru horretan ulertzen da «haurrak eta nerabeak maitasunez, afektuz, atxikimenduz eta goxotasunez heztea, lotura seguruak sortzeko», eta irmotasunez jokatzea eta mugak jartzea, baina oihu eta mehatxu egin gabe eta zigortu gabe, horrek babesa eta segurtasuna dakartzalako».