GAUR8

Ikerketa Bikaintasunaren Saria jaso du Aitziber Lopez Cortajarenak

Ikerketa-ibilbidea aitortzen duen Kimika Espainiako Errege Elkartearen Bikaintasunaren Saria jaso du Aitziber Lopez Cortajarena euskal ikertzaileak. Aplikazio biomedikoetara begira, biomolekulak eta nanomaterialak dira CIC biomaGUNEKo zuzendariak burutzen duen ikerketaren ardatz nagusiak.

Aitziber Lopez Cortajarena CIC biomaGUNEko zuzendaria, irudian.
Aitziber Lopez Cortajarena CIC biomaGUNEko zuzendaria, irudian. (CIC biomaGUNE)

Aitziber Lopez Cotajarena, pasa den urtarriletik CIC biomaGUNEko zuzendaritza zientifikoa gidatzen duen ikertzaileak Kimikako Espainiako Errege Elkartearen Bikaintasunaren Sarietako bat jaso du, azken urteetako ibilbidea aitortuz.

Aintzatespenak saridunen azken bost urteetako ikerketa-lana nabarmentzen du. Lopez Cortajarenaren kasuan, ingeniaritza molekularra eta nanoteknologia dira burutzen duen ikerketa lanaren ardatz nagusiak. Abian jarritako azterketa lerro horietan, «biomolekulak (proteinak bereziki) eta nanomaterialak konbinatzen diren sistemetan oinarritutako tresna molekularrak eta materialak garatzen dituzte, bi osagaien funtzionalitateak baliatuz», azaldu du euskal zentroak. Zehaztu duenez, sistema horiek «bereziki aplikazio biomedikoetan izan ditzaketen aukerak ustiatu nahi izan ditu irakasleak, terapia diagnostikoan».

«Ohorea da niretzat, aintzat hartzen badugu estatuan egiten den kimikak zer maila altua duen eta bai aurten bai aurreko urteetan saritutako pertsonen maila zientifiko zein den», adierazi du ikertzaileak jaso berri duen sariaz.

Ondoan izan dituen lankideen lana eskertu du Lopezek, saria talde-lanaren emaitza dela azpimarratuz. Halako aintzatespenek proiektatzen duten ilusioa eta lanean sakontzeko gogoa aipatu ditu. «Honelako sari entzutetsuek animatzen gaituzte benetan sinesten dugun ikerketa-ildoetan ilusioz lan egiten jarraitzera», adierazi du. Era berean, aitortzak ikerketa zentroaren jardueraren ikuspuntutik duen garrantzia agertu du.

Ingeniaritza molekularraren aukerak

Kimikan doktorea EHUtik 2002. urtean, Lopez Cortajarena irakaslea munduko zentro eta unibertsitate ezberdinetan egin du lan, eta zenbait proiektu europarren buru izan da. Ikerbasqueren saria jaso zuen 2019an, ikertzaile gisa egindako ibilbide profesionala eta egindako ekarpen zientifikoak aitortzeko.

CIC biomaGUNEtik nabarmendu dutenez, Lopez Cortajarenak gidatzen duen Nanoteknologia Biomolekularra laborategia hainbat ikerketa proiektu eta programatan ari da lanean oso lan-ildo ezberdinak lantzen.

«Egiten dugun ingeniaritza molekularrak eskaintzen dituen aukerak aplikatzea» da helburua, nabarmendu du. «Ikertzen ari gara nola maneia ditzakegun biomolekulak eta nola konbina ditzakegun biomolekulak eta nanomaterialak tresna berriak sortzeko; nola ezar ditzakegun oso aplikazio desberdinetan», esplikatu du euskal ikerlariak.

EICk finantzatutatko azken proiektuaren bidez, «DNAn oinarritutako sentsore berri batzuk eta haiek proteinekin dituzten interkazioak» ikertuko dituztela aurreratu du. «Ez dugu molekula jakin bat detektatu nahi, baizik eta haren egitura-konformazioa hauteman: gai izan nahi dugu konformazio-egoera jakin batean edo bestean dauden molekulak bereizteko, haiek neurodekapenezko patologia batzuekin erlazionatzeko, parkisona, adibidez», azaldu du Lopez Cortajarenak.