GAUR8

Fisioterapia lehen mailako arretan txertatzearen garrantzia, aztergai Bilbon

Fisioterapia Lehen Mailako Arretan izeneko III. Estatu Mailako Jardunaldiak hartuko ditu maiatzaren 7an eta 8an Euskal Herriko Unibertsitateko paraninfoak. Disziplina horrek pazienteen tratamenduan, zaintzan eta arretan duen funtsezko eginkizuna nabarmendu nahi dute hainbat adituren parte hartzearekin.

Fisioterapiaren beharra nabarmenduko dute Bilboko jardunaldietan
Fisioterapiaren beharra nabarmenduko dute Bilboko jardunaldietan (iSTOCK | GETTY IMAGES PLUS)

Asteburu honetan, maiatzaren 7an eta 8an, Fisioterapia Lehen Mailako Arretan izeneko III. Estatu Mailako Jardunaldiak egingo dituzte Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitateko paraninfoan. Izenak dioen bezala, helburua argia da, disziplina horrek pazienteen tratamenduan, zaintzan eta arretan duen funtsezko eginkizuna nabarmentzea.

Jardunaldiak Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) eta Espainiako Fisioterapeuten Elkarteak (AEF) antolatzen dituzte eta, diotenez, «fisioterapia lehen mailako arretan txertatzea osasun sistemaren erronketako bat da».

Eskaera argudiatzeko zenbait datu ipintzen dituzte mahai gainean. Gaur egun, EAEn fisioterapiako lau profesional baino ez daudela salatzen dute lehen mailako arretan, 2.268.844 biztanlerentzako. «Datu horiek agerian uzten dute Munduko Fisioterapeuten Konfederazioaren gomendiotik oso urrun daudela, hauen arabera 1.400 biztanleko fisioterapeuta bat egotea baita ratio egokia», diote.

Gaineratzen dutenez, maila globalean errehabilitazioaren bidez arindu daitekeen osasun-baldintzatzaileren batekin bizi da hiru lagunetik bat. «Sarritan fisioterapiari ez zaio lehentasunik ematen eta behar baino gutxiago erabiltzen jarraitzen dugu. Horregatik, ezinbestekoa da lehen mailako arreta-taldeetan fisioterapeutak egotea, laguntzeaz gain, komunitatearen osasuna sustatu eta gaixotasunaren oinarrizko prebentzioa egiteko».

Datu gehiago: gaitz muskulu-eskeletikoak familiako medikuen kontsulten %30a hartzen omen dute eta, aldarrikatzen dutenez, «lehen mailako arretako fisioterapeutarekin zuzenean jardunez gero, patologia horien %85 konpondu ahal izango lirateke».

Onurak beste arlo batzuetan ere atzemango lirateke beraien ustez: «Zeharkako kostuen murrizketa eragingo luke –lan-bajak eta ezintasun pentsioak– eta zuzenean murriztuko lirateke botiken preskripzioa eta kontsumoa». Populazioaren zahartzearekin lotuta ere, argi dute fisioterapia zuzenean eskuratu ahal izatea «lehentasuna» bilakatu dela «XXI. mendeko osasun sistementzat».

Gai horiei buruz hitz egiteko, ibilbide akademiko handiko parte hartzaileak izango dira Bilbon. Montserrat Ingles, Espainiako Fisioterapia Elkarteko (AEF) Fisioterapia Lehen Mailako Arretan eta Osasun Komunitarioa azpi-taldeko presidentea; Veronica Casado, World Organization of Family Doctors (WONCA World) erakundearen eskutik familia-mediku onenaren aitortza jaso zuen sendagilea eta 2021eko abendura arte Gaztela-Leongo osasun kontseilaria izan zena; eta Federico Montero, Estatu espainiarrean “Lehen Mailako Arretan minari aurre egiteko estrategia aktiboak” lehen unitateko arduraduna izan zena, besteren artean.