GAUR8

1950-1980 hamarkadetako auzoetako paisaia zaharberritzen laguntzeko gida plazaratu dute

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta Kultura, Paisaien eta Ondarearen Unesco Katedra “Paisaiaren arloko jardunbide egokien gidak” lantzen ari dira. Serieko lehenak 1950-1980ko bizitegi auzoak biziberritzeko lanak erraztea du helburu.

Berrogeita hamar urtetik gorako auzoen zeharberritzeari begirako proposamen praktikoak planteatzen ditu gida berriak. Irudian, Bilbo hiria eta inguruak.
Berrogeita hamar urtetik gorako auzoen zeharberritzeari begirako proposamen praktikoak planteatzen ditu gida berriak. Irudian, Bilbo hiria eta inguruak. (Juanan RUIZ | FOKU)

Administrazio publikoei eta lantalde teknikoei bereziki zuzenduta, auzoak lehengoratzeko edo biziberritzeko ekimenei begirako proposamen «praktikoak» dira EHUk eta Kultura, Paisaiaren eta Ondarearen Unesco Katedrak abian jarri dituzten paisaiaren arloko jardunbide egokien gidak.

Serieko lehena kaleratu berri dute, fokua 47 urtetik gorako bizitegien garapenean jarriz. Zehaztutakoaren arabera, «EAEn 1950-1980 hamarkadetan gauzatutako bizitegi garapenek eskatzen dituzten hiri berroneratze, biziberritze, zaharberritze eta birgaitzeko» ekimenei aurre egiteko proposamena da gida, «jardunbide egokiak» planteatzen dituena. «Baliabide ez-lotesle eta malgua» da, gogoratu dutenez.

Gidaren helburuetan sakonduz, egileek esplikatu dute gaur egungo hiria hainbat saretan banatzen dela, eta «sare horiek harreman-gune anizkun baten bidez egituratuta» daudela. Horregatik, sistema horren zatietako batean esku hartuz gero, «lurralde eskala guztiak barne hartuko dituen planteamendu integral eta zeharkako bat behar» da, proposatzen dutenez.

Biziberritze proiektuan egon daitezkeen beste helburu eta lerro estrategikoen gainetik, bestalde, ardatz nagusia bertako biztanleen bizi kalitatea ziurtatzea eta hobetzea izan behar dela azpimarratzen dute egileek.

Premien diagnostikoa

Premien diagnostikoaren garrantzia aipatzen dute, baita estrategia metodologiko berrien garatzearen beharra ere. «Gaur egungo bizitegitarako hiri garapenetan esku hartzearekin eta garapen horiek berritzearekin lotutako premien diagnostikoari aurre egiteko, ikuspegi tradizionalak birpentsatu behar dira, estrategia metodologiko berriak garatzeaz gain, eragiten dieten zaharkitze prozesuak zentzu integralean barneratuko dituzten estrategiak, hain zuzen», adierazi dute ohar batean.

Gidak, halaber, EAEko azterketa kasu esanguratsuei aplikatutako diagnosi metodologiaren adibideak jasotzen ditu, baita eskala ezberdinen arabera proposatutako 11 hobekuntza ere.