GAUR8

Euskarazko telesail berria hasi da grabatzen EITB, surf munduan girotuta

Surf eskola batean girotuta egongo da EITB prestatzen hasi den euskarazko fikzio berria. 2023an estreinatuko da eta Jon Plazaola, Nerea Mazo, Itziar Atienza, Jon Mendua eta Nerea Garmendia dira istorioaren protagonistetako batzuk.

EITB grabatzen hasi den euskarazko telesail berriaren protagonistak.
EITB grabatzen hasi den euskarazko telesail berriaren protagonistak. (EITB)

Irailarekin batera, datorren urtean estreinatuko den euskarazko fikzio berri baten grabazioa hasi dela iragarri du EITBk.

Telebista kate publikoko programazio-parrillara helduko den lan berriak surf munduan girotutako istorio bat aurkeztuko du, surf eskola baten inguruan garatuko dena, hain zuzen ere; eta Jon Plazaola, Nerea Mazo, Itziar Atienza, Jon Mendia eta Nerea Garmendia dira proiektuan parte hartzen duten aktoreetako batzuk.

Elkar ezagutzen ez duten aita-alabak

Eba (Nerea Mazo), Mexikon bizi den 17 urteko gaztea da. Ama hildakoan, Euskal Herriko kostaldeko herri batera joan behar da bizitzera ezagutzen ez duen Mikel (Jon Plazaola) aitarekin.

Mikelek surf eskola bat dauka. «Elkarren artean ezberdinak izan arren, batak bestearekin moldatzen ikasi beharko dute», aurreratu dute aita eta alabaren arteko harremana zentroan duen istorioaren inguruan.

Antonio Diaz Huerta da AK2000 (The Mediapro Studio) ekoiztetxeak sortu duen telesail berriaren zuzendaria. Besteak beste “Estoy vivo” (RTVE), “Noche de chicas” (Disney+) eta “El Internado” (Antena3) telesailak eta “Gallo” dokumentala zuzendu ditu Diazek.

Prestatzen hasi den lan berriak zortzi atal izango ditu, eta 2023an estreinatuko da, zehaztu dutenez.