GAUR8

Mapa digitala, mugikor zaharren bilketa edota bizikleten konponketa, Eibarko Kontsumo Arduratsuaren Azokan

Zuzeneko musika, kontsumo arduratsuarekin lotutako jarduerak eta proposamenak, eta produktuen salmenta bilduko ditu, besteak beste, Kontsumo Arduratsuaren Azokaren edizio berri batek Eibarren, hurrengo larunbatean.

Kontsumo Arduratsuaren Azoka izango da Eibarren, larunbatean.
Kontsumo Arduratsuaren Azoka izango da Eibarren, larunbatean. (Egoaizia GGKE)

Egoaizia GGKE-ak antolatuta, Kontsumo Arduratsuaren VII. Azoka ospatuko da Eibarko Unzaga Plazan hurrengo larunbatean, eta produktuen salmentaz gain, hainbat proposamen bilduko duela aurreratu dute.

“Eraldatuz” proiektuaren aurkezpena da proposamen horietako bat. Finean, formatu digitaleko mapa bat da, baina beste kontsumo eredu bat bultzatzea du helburu, eta horretarako, tresna berriak «kontsumo-eredu ezberdin, solidario eta zirkular baten alde egiten duten tokiko establezimendu, zerbitzu eta alternatiba ekonomiko-sozialei buruzko informazioa» ematen du. Herriko 28 establezimenduk bat egin dute jada ekimenarekin.

Alboan GKE-ren laguntzarekin, “Zure mugikorrak ezkutatzen duena” kanpainaren barruan, mugikor zaharrak bilduko dira azokan eta birziklatze jasangarrira bideratuko dituzte.

Ez hori bakarrik, bizikleten konponketa ere izango da hitzorduaren beste adar hari mutur bat, Eibarko Kirol Klubeko Txirrindulari taldearen eskutik.

Azokan aurkitu ahal izango diren produktuei dagokienez, enpresa berri batzuk izango dira Unzaga Plazan, Algaloop (mikroalgak), Royo Brand (herrian sortutako moda jasangarria), Zai Zoi (garagardogile aritsauak) edo AmasArte labea (okindegi artisaua) kasu.

Peruko Piura mendilerroko bi lider

Bestalde, lehiaketa artistikoaren V. edizioa eta «landa-eremuko emakumeen pertseberantzia eta balioa aitortzen» duen “Amore eman barik” argazki-erakusketaren inaugurazioa izango dira.

Aurtengo azokak, gainera, Peruko Piura mendilerroko bi lider komunitarioren parte hartzea izango du.

Musika ere izango da hitzorduaren beste osagai bat. Antolatzaileek aurreratu dutenez, azokak duen «izaera solidario eta kritikoa» mantenduz, energia eguzkia baliatuz DJ Ekirock eta bere musika-esperimentu berritzailea izango da Eibarren larunbatean, eta Alberto Muriel eta Lucia Bonilla artistek horma-irudi artistiko bat sortuko dute.

Haurrak, halaber, azokaren protagonista egin nahi dituzte; horregatik hainbat jarduera izango da haiei zuzenduta. Plastikozko botila, yogurt potea edo beste ontziren bat eramatea gomendatu dute «Labore ttiki ekologikoa landatzeko».