GAUR8

Zinema eta Buru Osasuna zineforumaren edizio berri bat Donostian, Agifesen eskutik

Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforumaren edizio berri bat antolatu du Donostian. Osasun mentala ardatz duten filmak azaroan zehar ikusi ahal izango dira doan, astelehenero, Principe zinemetan.

Agifes elkarteak antolatzen duen zineforumaren kartela.
Agifes elkarteak antolatzen duen zineforumaren kartela. (AGIFES)

Zinema eta Buru Osasuna zineforumaren edizio berri bat jarriko du abian Agifesek, azaroaren 7an. Urtero bi edizio antolatzen ditu osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak eta familiak biltzen dituen Gipuzkoako elkarteak, publiko ugari erakartzen ohi duen programazioari ahalik eta zabalpen handiena emateko.

Hitzordu horietako bat Donostian izaten da, bestea «ibiltaria» da, herrialdeko eskualde guztietara iristeko helburuarekin. Horrela, zineforuma Eibar, Zarautz, Bergara, Errenteria eta Irunera heldu da.

Azaldu dutenez, “Buru osasunaren zaindariak” sentsibilizazio kanpainaren barruan antolatzen da hitzordua eta «buruko osasun arazoen ezagutza» zabaltzea da helburua, baita nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.

Saioak azaroko astelehenetan izango dira Principe zinemetan, doan, 19.30etik aurrera. ‘Litus’ filmaren proiekzioak zabalduko du egitaraua, azaroaren 7an. Komedia dramatiko espainiar horretan, lagun talde bat berriz elkartzen da taldeko lagun batek bere buruaz beste egin ondoren.

Hurrengo saioa, azaroaren 14an, ‘No tengas miedo’ drama psikologikoari dedikatuta egongo da. «Sexu-abusuak jasan zituen neska gazte baten haurtzaro ilunari buruzko pelikula» da, azaldu dute antolatzaileek, eta iraganari lotutako guztiari aurre eginez bizitza berregitea erabakitzen duen gazte baten istorioa da.

Hilaren 21ean, ‘Un amor intranquilo’ filma eskainiko da. «Familia elkarrekin mantentzeko ahaleginean dabilen bikote baten istorioa kontatzen du. Senarrak nahasmendu bipolarra du eta zailtasunei aurre egiten saiatuko dira», aurreratu dute filmaren gaiaz.

Hilaren 28an ‘El rey del barrio’ filmarekin itxiko da zineforuma. Aita hil zenetik buru osasuneko arazoak dituen gazte baten istorio oinarri duen filmean, Judd Apatowek zuzendariak «Pete Davidson komediante eta aktore estatubatuarrarengana hurbildu nahi gaitu».