GAUR8

Gaixotasun arraroak dituzten seme-alaben familien bizi-kalitatea hobetzeko topaketa Bilbon

Gaixotasun arraroak dituzten seme-alaben gurasoei zuzendutako jardunaldi bat ospatuko da asteartean Bilbon. Bizi-kalitatea hobetzea ardatz duen profesional eta familien arteko topaketa da, eta zazpi gaixotasun arraro pairatzen dituen Noah Higon abokatu gaztearen parte hartzea izango du.

Haur bat heldu baten ondoan, Bilboko Areatzan paseatzen, artxiboko irudian.
Haur bat heldu baten ondoan, Bilboko Areatzan paseatzen, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko INKLUNI ikerketa taldeak profesional eta familien arteko jardunaldi zientifikoa antolatu du azaroaren 29rako Bilbon, gaixotasun arraroak dituzten seme-alaben familien bizi-kalitatea hobetzeko.

Gizarte osasuneko eta hezkuntza eremuko koordinazio mailan ospatuko da topaketa Bizkaia Aretoan, eta Noah Higon Bellver zazpi gaixotasun arraro dituen gaztea izango du gonbidatu.

Higon abokatua da eta gaitz arraroak pairatzen dituzten lagunen eskubideen aldeko aktibismoan aritzen da.

UPV/EHUk gogoratu du ohar batean, INKLUNI ikerketa taldeak ibilbide luzea duela «ikerketa lerroa garatzen eta bide batez egoera hori bizi duten norbanakoei laguntzen». Plano horretan, giza talde horren beharrei erantzuten saiatu diren hainbat proiektu sustatu dituztela nabarmendu dute.

Proiektu berri baten aurkezpena

Astearteko topaketa horretan proiektu berri bat aurkeztuko dute ikertzailek. Aurreratu dutenez, gaixotasun arraroak dituzten haur eta nerabeen arretaren gakoak kontuan hartuz, egitasmo berriak gizarte, osasun eta hezkuntza arloko koordinazioa bultzatzea du helburu.

Hitzaldia Bizkaia Aretoan izango da, 18.00etan. Parte hartzeko, aurretik eman behar da izena egokitutako loturan datuak emanez.