GAUR8

Eliteko korrikalarien entrenamenduak ikertu ditu EHUn defendatutako doktore tesi batek

Goi mailako atleten entrenamenduaren zientzia aztertu du UPV/EHUn defendatu berri den doktore tesi batek, kirolaren intentsitate ezberdinak, erritmoak eta errendimenduak aztertuz. 

Ikerlana eliteko atleten entrenamenduen erritmo ezberdinetan zentratzen da. Irudian, Carolina Robles eliteko atleta Bilboko lasterketa batean.
Ikerlana eliteko atleten entrenamenduen erritmo ezberdinetan zentratzen da. Irudian, Carolina Robles eliteko atleta Bilboko lasterketa batean. (Oskar MATXIN | FOKU)

UPV/EHUn defendatu berri duen doktorego tesian, Mark Kenneally atleta ohi irlandarrak eliteko atleten entrenamenduaren periodizitatea eta intentsitatea aztertu ditu. Ikerketan, munduko lehen mailako atletak eta munduko txapelketako eta Joko Olinpikoetako finalistak eta dominadunak hartu ditu erreferentziatzat.

Goi mailako kirolaren munduan dagoen itxurazko kontraesan baten zergatia aztertzeaz gain, entrenamenduaren intentsitate eremuak delineatzeko metodo berritzaile bat proposatu du, erritmoaren ehunekoan zentratzea planteatuz, eta ez parametro fisikoetan.

UPV/EHUk azaldu duenez, doktoregaiak eliteko korrikalarien entrenamendua aztertu zuen denboraldi batean zehar, eta lasterketa erritmoaren ikuspegia metrika fisiologikoen bidezko metodo tradizionalarekin konparatu zuen.

«Ikerketa honen emaitzek entrenamendu banaketa desberdinak erakusten dituzte, lasterketa erritmoari dagokionez ebaluatzen denean edo eremu fisiologikoei dagokionez ebaluatzen denean», argitu du ikerlariak.

Azpimarratu duenez, lanak agerian uzten du «gaur egungo entrenamenduaren analisian gabezia potentzial bat dagoela, preskripzio metodoak ez baitira errendimendu espezifiko bati buruzkoak».

«Neurri fisiologikoak zein errendimendukoak aipatzen dituen ikuspegiak analisi koherenteagoa eta logikoagoa ahalbidetu dezake», planteatu du atleta ohiak.

Zientzia eta praktikaren arteko aldea

Kenneallyk nabarmendu du, bestalde, tesian ondorioztatu dela «eten bat dagoela zientziaren eta praktikaren artean erresistentzia lasterketetan errendimendua lortzeko entrenamendu optimoari dagokionez».

Planteatzen duenez, «emaitzek berriro erakutsi zuten entrenamenduari buruzko azken ikerketen problematika, entrenamendu polarizatua errendimendua hobetzeko baliabiderik eraginkorrena dela adierazten dutenena».

Tesian, proposamen bat plazaratzen du: «lasterketa erritmoaren ikuspegia erabiltzeak 2. eremu zabalago batera (‘moderatua’) eramango luke beti, metodo fisiologiko tradizionalek baino erritmo aukera askoz zabalagoa txertatuz».