GAUR8

Arte eta Lanbide Eskolako liburutegia berreskuratu dute gasteiztarrek

Arte eta Lanbide Eskolako liburutegia berreskuratu dute gasteiztarrek. Joan den mendearen hasierako funts aberats bat gordetzen duen espazioak izan zuen elkargune izaera gorde nahi du. Horretarako, jarduerak antolatu eta horiek streaming bidez emateko teknologia du guneak.

Arte eta Lanbideetako Eskolako liburutegia, irudian.
Arte eta Lanbideetako Eskolako liburutegia, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako liburutegiak ateak zabaldu ditu, 30 urte itxita egon ondoren. Horrela, joan den mendearen hasierako espazioa herritarren eta ikertzaileen erabilerarako zabalik egongo da hemendik aurrera, antzinako funts aberats bat eskainiz.

Arabako Foru Aldundiko eta Udaleko ordezkariek hartu zuten parte berriki izandako irekieran. Gogoratu zutenez, liburutegiak Fournier familiaren izena darama, baliabidea familiari esker sortu baitzen «1920an bere bibliografia funtsak Arte eta Lanbide Eskolari eman zizkionean».

Gasteizen «kultura zentro neuralgiko» bat izan zen espazioa, nabarmendutakoaren arabera, «dibulgaziorako eta funtsak kontsultatzeko ekipamendua izateaz gain, liburutegia elkargune soziala» ere bazelako. Hori da, hain zuzen ere, liburutegi zaharrak berreskuratu nahi duen izaera.

8.000 aleko funtsa

Edukiera mugatuko espazio bat denez, 24 lagunentzat, ondoko gela bat presatu dute 30 lagunentzako edukierarekin, bertatik «liburutegian egiten diren jarduerak jarraitu ahal izateko». Ospatuko diren jarduera horiek jarraitzeko, streaming bidezko sistema eskaintzeko sistema instalatu dute.

Ateak zabaldu dituen gunearen inguruan zehaztu dute, bestalde, 8.000 ale inguruko funts bibliografikoa daukala, eta horren barruan aldizkako argitalpen historikoak aurki daitezkeela, baita antzinako funtsak ere, XVIII. eta XIX. mendekoak, batez ere». Era berean, 1958. urtea baino lehenagoko aleak eta euzagarri berezikoak daudela azpimarratu dute, egileen autografoak edo oharrak dituztenak, kuadernaketa bereziak dituztenak edota kartografia, besteak beste.