GAUR8
Gaur X urte

NASAren Spirit robota duela 19 urte iritsi zen Martera eta zazpi urte iraun zituen han

Marten hiru hilabete irauteko diseinatuta zegoen Spirit, baina 7 urte eman zituen NASAk diseinatutako ontziak planeta gorrian, haren berri ematen Lurrari.

Spirit robotaren ilustrazioa Marteren lurrazalean.
Spirit robotaren ilustrazioa Marteren lurrazalean. (WIKIMEDIA)

2004ko urtarrilaren 4an iritsi zen Spirit ontzia (golfeko orga baten tamainako lur orotako ibilgailua) Martera, Gusev kraterrerera zehazki. NASAk jaurtitako robotak zazpi hilabete behar izan zituen Lurretik milioi erdi kilometroko bidaia egin eta helmugara iristeko.

Iritsi eta 15 minutura, lehen mezua bidali zuen Lurrera, sistema guztiak martxan zeudela baieztatzeko. «Itzuli gara!», izan zen Kaliforniako kontrol-aretoan entzun zen ospakizun oihua.

Urtarrilaren 6an, espazio-ontziaren kamera panoramikoak hartutako Marteren koloretako lehen irudia erregistratu zen. Hala, beste planeta baten gainazalean hartutako kalitate handieneko argazkia izan zen, 12 milioi pixelekoa.

Spirit izan zen Marten lurreratu zen laugarren espazio-ontzia eta NASAren Marte Esploratzeko Programan parte hartu zuten bi robotetako lehena. 21 egun geroago iritsi zen Opportunity bikia.

NASAren ontziak Marten arroka bat zulatu zuen lehenengoz eta Humphrey izeneko harri batean lehenengo ur-pistak aurkitu zituen.

2009an, Spirit hondarrezko banku batean harrapatuta geratu zen; hori izan zen bere amaieraren hasiera. 2010eko martxoaren 22tik aurrera utzi zion Lurrari komunikazioak bidaltzeari. 2011ko maiatzaren 25ean, NASAk ofizialki baieztatu zuen ontziaren misioa bukatutzat eman zuela, haren bizitza baliagarriaren denbora soberan gainditu ostean. Hiru hilabete irauteko diseinatuta zegoen Spirit, eta 7 urtez iraun zuen.