Bi urte bete dira Donald Trumpen jarraitzaileek Kapitolioari eraso ziotenetik
2021eko urtarrilaren 6ko goizean AEBko Kongresua hauteskunde-botoak kontatzeko eta 2020ko azaroaren 3ko hauteskundeetan Joe Bidenek lortutako garaipena ziurtatzeko bildu zen. Egun hartan, Donald Trump presidente ohiaren jarraitzaileek Kapitolioari eraso zioten.
Inoiz ikusi gabekoa gertatu zen 2021eko urtarrilaren 6ko goizean Washingtonen. Egun hartan, AEBko Kongresua hauteskunde-botoak kontatzeko eta 2020ko azaroaren 3ko hauteskundeetan Joe Bidenek lortutako garaipena ziurtatzeko bildu zen. Donald Trump presidente ohiak, baina, hainbat aste zeramatzan bere jarraitzaileei protestarako deia luzatzen eta giroa gaiztotzen. Ez zuen onartu hauteskundeetan galdu zuenik eta botoak gaizki zenbatu zirela zabaldu zuen lau haizetara.
Trumpek Kapitolioaren aurkako protesta batean egongo zela iragarri zuen eta eta haren jarraitzaileak urtarrilaren 5ean hasi ziren Washingtonera iristen.
Erasoaldia baino lehentxeago, Donald Trump Etxe Zuriaren aurrean agertu zen bere jarraitzaileei prozesu demokratikoa geldiarazi zezatela eskatzeko, hauteskunde-iruzurra egon zela ziurtatuz.
Horren ostean, manifestariak Kapitolioaren aurrean bildu ziren, segurtasuneko mugak pasatuta eraikinaren barrura bortxaz sartu ziren, leihoak hautsi zituzten eta Kongresuko saioa eten zuten. Hiru orduz egon ziren Kongresuan, harik eta Poliziak kanporatu zituen arte. Kongresuko saioa berrartu zen gero eta Joe Bidenek bere agintaldia hasi zuen.
Gainerakoa historia da: Trump-en Twitter eta Facebook-eko kontuak zentsuratuta, bost hildako, epaiketa politiko bat, eta 2021eko urtarrilaren 6an gertatutakoaren erantzun bila dabilen ikerketa-batzorde bat.