GAUR8

Klima aldaketak osasunean dituen eraginak aztertuko dituzte Bilbon, hilaren 17an

Klima aldaketak pertsonen osasunean izan ditzakeen eraginak aztertuko dituzte neumologian eta kardiologian adituek Bilbon. Osasun munduko profesional eta ikasleei bereziki zuzenduta badago ere, publiko orokorrak jarraitu ahal izango du saioa aurrez aurre edo streaming bidez.

Pasa den udan, Euskal Herrian jasotako tenperatura altuak, artxiboko irudian.
Pasa den udan, Euskal Herrian jasotako tenperatura altuak, artxiboko irudian. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bizkaiko Medikuen Elkargoak klima aldaketak osasunean duen eragina aztertzeko jardunaldia antolatu du hilaren 17rako, Bilbon.

Solasaldia 18.00etan hasiko da, eta hainbat aditu bilduko ditu, ohar batean iragarritakoaren arabera. Cosme Naveda Elkargoko presidenteak zabalduko du saioa; ondoren, sarrera modura, klima aldaketa eta horren kausak eta ondorioak azalduko ditu Pedro Maria Martinez meteorologoak.

Isabel Urrutia neumologian adituak klima aldaketaren inpaktua eta arnas osasunean duen eragina aztertuko ditu jarraian. Era berean, beroketa global horrek osasun kardiobaskularrean izan ditzakeen ondorioak plazaratuko ditu Vanessa Escolar kardiologian adituak.

Eztabaidarako espazioa

Bi espezialisten hitzaldien ostean, eztabaidarako tartea zabalduko da. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, jardunaldia medikuntzako profesionalei zuzenduta dago, baita erizaintza, fisioterapia edota odontologiako profesional eta ikasleei ere, eta publiko orokorrari irekita egongo da.

Izan ere, aurrez aurreko formatua izango du hitzorduak, Bizkaiko Medikuen Elkargoak Bilboko Lersundi kalean duen egoitzan, baina streaming bidez ere jarraitu ahal izango da Elkargoaren Youtube kanalaren bidez.