GAUR8
Gaur X urte

Josip Broz Tito Yugoslaviako presidente izendatu zuten, duela 70 urte

1953ko urtarrilaren 13tik 1980an zendu zen arte izan zen Yugoslaviako presidente Josip Broz Tito. Herri demokrazia ezarri zuen herrialdean, Sobietar Batasunaren menpeko izan gabe.

Tito presidentea.
Tito presidentea. (Getty Images)

Gaurko egunez duela 70 urte izendatu zuten Josip Broz Tito Yugoslaviako presidente. Lehen Mundu Gerraren aurretik metalgintzan ibili zen lanean eta presidente bilakatu baino lehen, herrialdeko Alderdi Komunistako idazkari nagusia izan zen. 1892ko maiatzaren 7an jaio zen.

Espainiako Gerra Zibilean errepublikaren alde aritu zen borrokan. Orduan jarri zioten, hain zuzen ere, Tito ezizena. Gainontzeko milizianoak ez ziren bere izena eta abizena behar bezala ahoskatzeko gai, eta ezizena jarri zioten.

Alderdi Komunistako idazkari nagusia zela, Alemaniar naziek Sobietar Batasunaren aurkako gerra hasi zuten eta Titok erresistentziara deitu zituen yugoslaviarrak. Horrela, herrialdearen lurraldeen erdia baino gehiago berreskuratu zuten hilabete gutxiren buruan, Yugoslaviako armadarekin batera. 1941etik aurrera, gerrillak antolatu zituen erresistentziarako eta bi urte geroago, Yugoslaviako behin behineko gobernua sortu zuen.

Sobietar Batasunak bezala, Titok herri demokrazia ezarri zuen herrialdean, baina Stalinen gobernuaren menpeko bilakatu gabe. Azken honen heriotzaren ondoren, bloke sozialistarekin lerratu ordez, bi blokeen arteko herrialde neutralen erakunde baten alde agertu zen. Yugoslaviako presidente zela, herrialdean demokrazia errotu zedin saiatu zen, oinarri sendoak ezarriz.