GAUR8

Basoa, ‘Loa eta Laia’ marrazkien azken atalaren protagonista

Basoari begira jarri dira ‘Loa eta Laia’ marrazki bizidunak azken atalean, musikaren bitartez inguratzen gaituzten eta bizitzarako altxorra diren paisaia, animalia eta landareen ekosistema horiek ezagutu, maitatu eta zaintzen erakusteko.

‘Loa eta Laia’ euskarazko marrazkien pertsonaien azken abenturan, «ingurumena, natura eta bertako baso biziak» dira protagonista nagusiak. Izan ere, musika ardatz duten marrazki bizidunek inguruan dagoen naturari erreparatzen diote laugarren kapitulu horretan, bertoko zuhaitzak dituzten basoak eta, orokorrean, ekosisteman eta paisaiak babesteko beharra plazaratuz.

Egitasmo digitalaren sortzaileek zehaztu dutenez, zuhaitz eta landare ezberdinak ezagutzen laguntzen du azken atal honek, inguruan dauden altxorrak ezagutzea baino ez baitago horiek zaintzen hasteko.

Ekosistema horien, jasangarritasunaren eta osasunaren artean dauden loturak erakustea da mezu nagusia, azaldu dutenaren arabera.

Materiala

Etxeko txikiekin batera jolas eta ariketa ezberdinak lantzeko materiala ere aurki dezakete ikastetxeek eta familiek marrazkiekin batera. «Dagoeneko proiektua pixkanaka handitzen ari da eta hezkuntza zentro ezberdinen eskaerari erantzunez material gehigarria lantzen hasi gara. Webgunean deskargatzeko moduko koloreztatzeko irudi ezberdinak eskegi ditugu», zehaztu dute.

‘Gau beltza’, ‘Euskararen eguna’, ‘Oparirik politena’ eta ‘Zaindu basoa’ dira egitasmo ditigitalak sortutako azken lau kapituluak.