Arabako haurren artean euskara sustatzeko gurasoentzako gida sortu dute

Ikasgelan, etxean eta kalean haurrek euskara erabili dezaten gurasoentzako gida bat sortu dute Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak. 15.000 aleetatik 10.500 Gasteizen banatuko dira, baina materiala sarean deskargatu eta kontsultatu daiteke.

Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak eta Iñaki Gurtubai Gasteizko Euskara zinegotziak aurkeztu dute gida
Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak eta Iñaki Gurtubai Gasteizko Euskara zinegotziak aurkeztu dute gida (Gasteizko Udala)

Hamar urtetik beherako haurren artean euskararen erabilera sustatzeko gurasoentzako gida bat sortu dute Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak. Bertan, kalean, eskolan zein etxean euskaraz aritzeko aholkuak eta baliabideak jasotzen dira.

Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziak eta Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendariak, Lexuri Ugartek, ekimenaren edukien berri eman dute ostegun honetan, gidaren helburua «seme-alaben euskararen erabileran lagundu nahi duten gurasoei laguntza eskaintzea» dela nabarmenduz.

GEU Elkartearen, Ebeteren eta Euskarabaren aholkularitzapean sortu dituzten 15.000 aleetatik 10.500 Gasteizko ikastetxeetan banatuko dira, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Hala ere, Ugartek adierazi duenez, «ezin dezakegu alde batera utzi gainontzeko eskualde eta bailaretan dauden ikastetxeak, urterik urte ikasle berriak hartzen dituztenak».

Gurasoentzat ez ezik, beste senide batzuei eta zaintzaileei zuzenduta dagoela argitu du Udalak ohar batean. Gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu dute eta, gomendioak emateaz gain, zalantzak argitzen ditu, erronkak eta jardunbide egokiak biltzen ditu eta beste baliabide batzuk eskaintzen ditu.

Horrela, Udaletik diotenez, euskarazko abestiekin jolastera, elkarrizketetan euskara erabiltzera, hizkuntzaren presentzia etxean zaintzera animatzen du eta familiek aurkitu ohi dituzten hainbat arazori irtenbideak eskaintzen dizkie.