Mata-Hari: Espioia izan ez zen «espioiaren» atxiloketa
Mata-Hari espioirik ospetsuenetarikoa bilakatu zen, ziurrenik espioia ere izan gabe. Militar frantsesen porrotak justifikatzeko erabaki zuten norbaiti errua botatzea, eta dantzaria hautatu zuten horretarako.
Espioia hitza entzuten dugun bakoitzean segituan etorriko zaigu burura Mata-Hari, historiako espioirik ospetsuena. Margaretha Geertruida Zelle izenarekin jaioa, Lehen Mundu Gerran Alemaniaren alde informazioa lortzen aritu zen, ustez. 1917ko otsailaren 13an tropa frantsesek Pariseko Palace Hotelean atxilotu zuten, eta espioitza eta traizioa egotzita, heriotzera kondenatu zuten. Urte bereko urriaren 15ean fusilatu zuten, 41 urte zituela.
Bere figuraren inguruan dakiguna ez dago oso argi. Teoria batzuek diote pagaburu bat besterik ez zela izan, Ladoux kapitainaren biktima bat. Izan ere, Mundu Gerraren erdian Ladouxek presio handia zuen espioi alemaniarrak topatzeko, ahal bazen Parisen aritzen zirenak. Frantzia Mundu Gerran izaten ari zen papera ez zen oso esanguratsua, eta gauzak okertu izanaren errua norbaiti bota nahi zioten.
Urte betez aritu zen bera eta bere taldea Mata-Hari dantzariaren pausoak jarraitzen, agente bikoitza izan zitekeen susmoarekin, baina ez zuen informazio askorik. Halako batean, alemanen zifratutako mezu bat jaso zuten H21 agenteari buruz hitz egiten zuena, eta hura Mata-Hari zela ondorioztatu zuten Ledouxek, eta bere atxiloketa agindu zuen, froga askorik gabe, militar frantsesen porrota ezkutatzeko xedearekin.
Egun, Mata-Hariren figura mito bat den arren, errealitatea askoz xumeagoa da. Teoriarik zabalduenak dio maila altuko bizimodua mantentzeko enkargu txikiak onartzen zituen prostituta bat besterik ez zela, Estatu frantses eta espainoleko prentsan irakurritakoak alemanei kontatzen zizkiela, baina oro har Aliatuen aldekoa zela. Espioitzaren jokoan aritu zen, horrek zekarren arriskuaz ohartu gabe. Espioia izatekotan, ez zen iruditegian gordetzen dugunaren parekoa, eta ez zuen inola ere ez trebakuntzarik jaso, frantsesek esan zuten bezala.
Pelikula eta liburu askoren protagonista bilakatu da orain arte, baita feminismoaren ikono bat garai hartan emakume izateak suposatzen zuenaren kontra egiteagatik eta askea izaten saiatzeagatik.