GAUR8
Gaur X urte

Alex Txikon Nanga Parbat mendira neguan igo zen lehen alpinista bihurtu zen gaur zazpi urte

2016ko otsailaren 26an, Alex Txikon lemoaztarrak historia egin zuen, neguan Nanga Parbat mendira igotzea lortu zuen lehenengo alpinista bihurtu zenean. Munduko bederatzigarren gailurrik altuena, planetako mendi arriskutsuenetako bat ere bada Nanga Parbat.

Nanga Parbateko tontorra egin zuen Alex Txikonek 2016an. (Alex TXIKON)
Nanga Parbateko tontorra egin zuen Alex Txikonek 2016an. (Alex TXIKON)

Gaur 7 urte, Alex Txikon alpinista lemoaztarrak neguan Nanga Parbateko tontorra (8.126 metro) egin zuen, Ali Sadpara pakistandarrarekin eta Simone Moro italiarrarekin. Historia egin zuten, neguan gailur hau egitea lortu zuten lehenbizikoak izan ziren-eta. Tamara Lungfer hirugarren kideak zerbait beherago geratu behar izan zuen.

Aurreko urtean ere, 2015ean, Txikon saiatu zen neguan Nanga Parbateko gailurra egiten, baina tontorretik hiru ordura zegoenean eman behar izan zuen buelta.

K2 ospetsua eta Nanga Parbat, planetako bederatzigarren mendirik altuena, neguko gailurrik ez zuten bi mendiak ziren orduan; beraz, Lemoako alpinistak eta haren kideek lortutako arrakasta historikoa izan zen. Ordura arte, mendi honen tontorrerako neguko 29 espedizioak 7.800 metroan gelditu ziren. Gailurrera iritsi direnen heriotza-tasa %22koa da; izan ere, «Mendi hiltzailea» deitzen zaio.

Txikon munduko 14 zortzimilakoetatik 11ko tontorretara heldu da. Azkenengo hamarkadan, Himalaiako neguko espedizioetan zentratu ditu bere ahaleginak bizkaitarrak. Izan ere, 2011tik, proiektu horretan dabilen mundu osoko mendizale bakarra da. Nanga Parbat igo zuenetik, Txikonek ahaleginak egin ditu neguan Everestera igotzeko 2017an, 2018an eta 2020an, eta K2ra 2019an.