GAUR8

Klima aldaketak eta arrantzak hegalabur eta ezpata-arrainetan izango duten inpaktua aztertu du AZTIk

Klima aldaketak eta arrantzaren presioak eragin zuzena izango dute hegalaburra bezalako kontsumo handiko espezien produktibitatean. AZTI euskal zentroaren koordinaziopean duen ikerlan batek 2050. urterako %35 jaitsiera aurreikusten du eta tamainaren murrizketa.

Hegalabur espezieen produktibitatetak eta tamainak behera egingo dute batez ere klima aldaketaren ondorioz.
Hegalabur espezieen produktibitatetak eta tamainak behera egingo dute batez ere klima aldaketaren ondorioz. (AZTI )

Klima aldaketak eta arrantza-presioak merkataritza interesa duten arrain espezieen produktibitatean eta tamainan duten inpaktua aztertu du AZTI euskal zentroak koordinatu duen ikerlan batek.

Azterketa ezpata-arrainetan eta hegalaburretan zentratu da. «Horretarako, espezieen populazio-dinamika ea haien arteko lehia irudikatzen duten mekanismo ugari barne hartzen dituen eredua erabili da», azaldu dute.

Ikerketak ondorioztatu du faktore biek (klima aldaketak eta arrantza-presioak) eragina dutela espezie bietan, eta aurreikusi dute hemendik 2050. urtera, populazio bien produktibitatearen potentzial globala %36 murriztuko dela. Arrainen neurriari dagokionez, %15 murrizketa orokorra aurreikusten du.

«Emaitzek iradokitzen dute maila trofiko handiko espezieei gehiago eragingo diela klima-aldaketak arrantza-presioak baino, baldin eta haien errendimendu jasangarriko mailetatik edo egungo arrantza-presiotik hurbil mantentzen badira», zehaztu du ikerketa zentroak.

Nabarmendu du, halaber, ikerlanaren arabera «arrantza-industriak klima-aldaketara egokitzeko neurriak hartu» beharko lituzkeela, «arrainaren balioa jasangarritasun-ziurtagirien bidez handituz eta itsasoko erregai-kontsumoa eta denbora murriztuz, digitalizazioaren erabilera handiagorekin».

Erregaien kontsumoa

British Columbiako Unibertsitatearekin lankidetzan burutu den ikerketa horrek, hain zuzen ere, erregaien kontsumoari erreparatu dio: «kontsumoa murriztea ere klima-aldaketa arintzeko neurritzat har daiteke, atunaren arrantzan erabilitako erregaia munduko arrantza osoaren %5 delako eta CO2 isuriak murriztuko lituzkeelako».

Zehaztu dute, bestalde, edozein ereduren emaitzak «tentuz» hartu behar direla, dituzten mugak eta ziurgabetasunak direla. «Baina ikusitako aldaketen norabideak eta tamainak agerian uzten dute etorkizunean gerta daitekeen agertokia erabakiak hartu ezean».