GAUR8
Gaur X urte

Olof Palme, bala batek amaitu zuen Suediako lehen ministroaren ibilbidearekin

Olof Palme Suediako lehen ministroa zen zinematik irtetean ezezagun batek tiroz hil zuenean, 1986an gaur duela 37 urte. Kasua erabat argitu gabe itxi zen susmagarri nagusia zena hil egin zelako eta ez zegoelako non gehiago ikertu. Inperialismoa eta apartheida bezalako gehiegikeriak salatu zituen, nahiz eta itzalak ere bazituen.

Olof Palme Suediako lehen ministroa, artxiboko irudi batean.
Olof Palme Suediako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. (Wikipedia)

Olof Palme Suediako lehen ministroa zen eta, hala ere, ez zuen bizkarzainik eramaten horrek «gizatiarrago» egiten zuelakoan. Segurtasun neurri berezirik gabeko bizimodu arrunta izateko inportantzia aldarrikatzen zuen. Heriotza zinematik irteten ari zela topatu zuen, otsaileko gau batean, Stockholmen. Ezezagun batek atzetik tiro egin zion eta bertan hil zen, Lisbet emaztea alboan zuela. 1986ko otsailaren 28a zen.

37 urte igaro dira eta kasua argitu gabe itxi zuten ikertzaileek, 2020ko ekainean. Susmagarri bakarra, Stig Engström, hogei urte lehenago hil zen eta ezinezkoa izan zen ikerketan sakontzea.

Olof Palme 1969tik aurrera Suediako Alderdi Sozialdemokrataren buru izan zen eta birritan lehen ministro izan zen (1969-1976 eta 1982-1986). Mundu mailan giza eskubideen aldeko borroketan inplikatu zen, eta horrek arerioak ere sortu zizkion. Adibidez Hegoafrikan, apartheid-arekin oso kritiko izan baitzen edota frankismoan murgilduta zegoen Estatu espainiarrean. Era berean salatu zituen inperialismoen jazarpenak eta Estatu Batuek Vietnamen aurka egindako gerra.

Argiak bezala, ordea, itzalak ere bazituen. Washingtonekin 1960an sinatu zuen lankidetza belikoa sekretuan mantendu zuen (Suedia teorian neutrala zen) eta urtetan zehar oposizioa zelatatzeko espioitza zerbitzu bat indarrean mantendu zuen, besteak beste.

Edonola, Nazioarteko auzien inguruan zuen jarrera propioa eta independienteak, eta Suedian bertan eragin zituen aldaketa eta eraldaketa ugariak tarteko, utzi zuen legatua gaur egun ia aho batez aitortzen zaio otsaileko gau batean, zinematik irtetean, atzetik heldu zen bala baten ondorioz hil zen politikariari.