GAUR8
Gaur X urte

Nelson Mandela, CNA alderdiaren presidente eta bide urratzaile

Nelson Mandela (1918-2013) ekintzailea orain 33 urte izendatu zuten Afrikako Kongresu Nazionaleko presidente. Eskubide unibertsalen defentsan, sigla horien bueltan batu zituen nekazariak, langileak eta profesional beltzak. 1994-1999 urteen artean Hegoafrikako presidente izan zen eta bere bizitzako 27 urte espetxean eman zituen.

Nelson Mandela.
Nelson Mandela. (Leon NEAL | AFP)

Nelson Mandela 1942an sartu zen Afrikako Kongresu Nazionala (CNA) alderdian, 60 kide baino ez zituenean. Masa-mugimenduen akuilu bihurtzea helburu, Hegoafrikako nekazari, langile eta profesional beltzak batu zituen.

1948an, Alderdi Nazionalak (PN) hauteskundeak irabazi zituenean –soilik zuriei zuzendua eta soilik zuriek bozkatua–, herrialdean apartheida ezarri zen, eta horrek CNA-k gidatu zuen berdintasunaren aldeko borrokaren hasiera ekarri zuen.

Mandelak Hegoafrikan beltzek zuzendutako lehen abokatu-bulegoa ireki zuen bere lagun Oliver Tamborekin batera baina 1952an, CNAko presidenteorde izendatu zutenean, era guztietako oztopoak jarri zizkioten abokatutzan aritzeko. Hala, 1960an populazio beltzaren aurka egindako Sharpevilleko sarraskiaren ondoren, Mandelak CNAren beso armatua sortu zuen, babes handia batuz. Horren ondorioz, 1964an, biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten eta Robben uharteko segurtasun goreneko espetxean sartu zuten.

Mandelak Pieter W. Botharen gobernuaren eskaintzei uko egin zien, borrokari uko egitearen truke aske uzteko. Nazioarteko presioen ondorioz, Botha presidenteak dimisioa eman zuen eta Frederik de Klerk presidente berriak CNAren debekua kendu zuen 1990ean. Mandelak amaiera eman zion 28 urteko espetxealdiari.

Urte horretan bertan, 1990 martxoaren 2an, Nelson Mandela hautatu zuten alderdiko presidente. Negoziaketetan nekaezin ari zen PNko presidentearekin, eta prozesuak fruituak eman zituen: 1993an akordioa lortu zen, Hegoafrikan erregimen demokratiko ez-arraziala eta sexista ezartzeko, pertsona baten printzipioan oinarrituta, hots, pertsona bat, boto bat.

Hegoafrikako historiako lehen hauteskunde multirrazialak 1994an egin ziren. CNAk garaipen argia lortu zuen eta Nelson Mandela aukeratu zuten herrialdeko lehen presidente beltza. De Klerk izan zen presidenteordea, eta 1996an Legebiltzarrak Konstituzio berria onartu ondoren, Hegoafrikako herritar guztien arteko demokratizazio eta berdintasun prozesua osatu zen.

1997an, Mandelak CNAren zuzendaritza utzi zuen, atzean utziz apratheid-a desagerrarazi zuen gizon borrokalariaren ibilbidea, Hegoafrikan berdintasunera iristeko bidea ireki zuena. Hala ere, oraindik ere desberdintasun sozial, ekonomiko eta politikoak daude zuri eta beltzen artean.