GAUR8
Gaur X urte

“We Are the World” abestia argitaratu zen duela 38 urte

Ray Charles, Diana Ross, Michael Jackson, Tina Turner, Stevie Wonder, Bob Dylan edo Bruce Springsteen bezalako musikagile famatuek “We Are the World” kanta argitaratu zuten 1985ean. Milioika kopia saldu eta lortutako irabaziak Etiopiako gosete izugarriarekin amaitzeko kanpainari bideratu ziren.

Afrikako kontinentean, batez ere Etiopian, bizi zen gosete ikaragarriaren testuinguruan, 1985ean artista sona handiko musikagile talde batek “We Are the World” abesti ospetsua argitaratu zuen, laguntza humanitariorako dirua biltzeko asmoz. Kanta Michael Jacksonek eta Lionel Richiek idatzi eta Quincy Jonesek ekoitzi zuten, baina dozenaka artistak hartu zuten parte.

Ekitaldirako espresuki sortutako USA for Africa (United Support of Artists for Africa) deituriko taldearen izenpean egin zen kanta. Bakarkako pasarteren bat interpretatzen zuten hogeita bat abeslarik parte hartu zuten, horien artean Ray Charles, Lionel Richie, Diana Ross, Michael Jackson, Tina Turner, Billy Joel, Stevie Wonder, Cyndi Lauper, Bob Dylan edo Bruce Springsteen. Koruan, The Jackson Five taldeko kide guztiak aritu ziren eta Perkusioan Phil Collins nabarmendu zen ere.

Columbia Records diskoetxearen zigilupean, “We Are the World” Estatu Batuetako dendetara iritsi zen 1985eko martxoaren 7an, osteguna, eta lehen edizioaren zortziehun mila kopiak saldu ziren lehen astean. Hurrengo hilabeteetan milioika kopia saldu ziren eta abestiak Grammy saria irabazi zuen.

Columbia Recordsek kanpainaren ekoizpen- eta banaketa-kostuak ordaindu zituen, baita abestiak lortutako irabaziak ere. Abestiaren eta harekin Merchandising-ari esker lorturiko mozkinak 50 milioi dolarretik gorakoak izan ziren. Dirua Etiopiako gosete izugarriarekin amaitzeko kanpainari bideratu zen.