Entrevue
Agus Rodriguez Burgete
Tabernaria

«Rekalde eta Pandora beharrezko espazioak izan dira Donostian»

Barraren beste aldetik, Rekalde eta Pandora, taberna soil baino, habi bihurtu zituen Agus Rodriguez Burgetek. Espazio askeak, komunitatea ehundu dutenak.

Donostiako Alde Zaharrean, Rekalde izan zen tabernaren arrastorik ez dago. Duela bizpahiru aste hondeamakinak hasi ziren eraikina goitik behera eraisteko lanetan. Aldamar kaleko iskin mitikoan, eraikin artean, orain arte ezkutuan zegoen bizilagun-patio bat gelditu da begien bistan; bertako leihotxoetatik lehenago inoiz kalea ikusi gabeko bizilagunak zelatari dira orain. Paretetatik ur kontagailuak daude zintzilik. Horiak dira. Eraikin bat bota eta beste bat altxatuko dute. Pixkanaka familien kontratuak ez ziren berritu eta bizilagunez hustutzen joan zen. Modu sibilinoan, denak kanporatuak izan ziren arte. Azkena Anita izan zen. 95 urte zituen eta 2019ko abenduan zendu zen. Jabeak bidea libre izan zuen orduan.

Rekalde tabernaren parte ziren lagunentzat egun zailak dira. Ez bakarrik hondeamakinek xaxatu dituzten oroitzapenengatik. Barraren atzean ibili zen 17 urtez Agus Rodriguez. Tabernari, lagun, konfidente. Hura ere kanporatuta, Rekalderi duela lau urte segida eman zion Pandora izenarekin Grosen, bere auzoan. Ibilbidea oparoa izan da, oso aberasgarria eta intentsoa. Eta, hain zuzen ere, metatutako nekeagatik, ateak itxiko dituela iragarri du Rodriguezek. Familia handia berriro umezurtz, diote askok. Gaur, larunbatez, zerbitzatuko ditu azken kafeak, azken bokatak, plater konbinatuak.

Sare sozialetan albistea partekatu zuenetik atzera kontaketa batean murgilduta dago Rodriguez. Maitasun handia ari da jasotzen.

Tabernaren epelean jaso gaitu, atsedenerako eguna den astelehenean. Eta kafe goxoa prestatu du. «Zer gertatu da?», jakin nahi dugu. «Askotariko arrazoiak dira, baina esango nuke arrazoi nagusia dela motxila edo ardura bakardadean eramatea zama handiegi bilakatu zaidala. Hemen, zorionez, lan itzela egiten dugu; Rekalderekin alderatuta, espazioa bikoitza da, eta terraza du, gainera. Bi taberna kudeatzea bezalakoa da, horrek suposatzen duen guztiarekin».

Bihar, Pandorak ateak azkenekoz irekiko dituen egunean, Agus Rodriguezekin elkarrizketa zabala argitaratuko dugu GAUR8n.