GAUR8

Bertsozale Elkartearen bi sari, bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa sustatzeko

Bertsozale Elkarteak, Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean, bi sariren deialdia egin du aurten, bertsolaritzaren inguruko ikerketa zientifikoa bultzatzea. Sari bat master amaierako proiektuei edo ikerketa lan monografikoei zuzenduta dago, eta beste sari bat dago Gradu Amaierako Lanentzat.

Irudian, aurten Azpeitian ospatutako Bertso Eguna.
Irudian, aurten Azpeitian ospatutako Bertso Eguna. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean, Bertsozale Elkarteak bertsolaritzari buruzko ikerlanen eta master amaierako lanen proiektuak sustatzea helburu duen deialdia egin du, aurten bertan bi sari eskainiz.

«Kasu honetan master amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira», zehaztu du Elkarteak lehen kategoria horretaz.

Ekimenarekin, ikergai nagusia bertsolaritza duten tesiak egitea bultzatu nahi dute, «nahi den jakintza-alorretik ikertua». «Nolanahi ere, unibertsitate-irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua», nabarmendu duenez.

Atal honetan, 2.500 euroko diru-laguntza esleituko diote lan saridunari. Ordainketa erabakia argitaratu eta 90 eguneko epearen barruan egingo dela zehazten dute oinarriek.

Irailaren 18ra arte aurkez daitezke eskariak. Handik hilabete batera, hau da, urriaren 18an, hautatuen eta ordezkoen zerrenda argitaratuko dute. Horren ondoren, urtebeteko epea izango dute egileek ikerketa lanak amaitzeko, 2024ko urriaren 18rako, beranduenez.

Pozeduraren inguruko xehetasunean artean, oinarriek aipatzen dute, besteak beste, PDF formatuan aurkeztu behar direla lanak.

Eskatzen diren ohiko agirien ondoan, eskatzailearen currriculuma, espediente akademikoaren kopia edota lanaren zuzendaria izango den unibertsitate ikaslearen berme-txostena aurkeztearen beharra zehazten da.

Gradu Amaierako Lanen kategoria

Gradu Amaierako Lanen arteko sariari dagokionez, «bertsolaritza ikergai gisa aukeratu izana baloratzea da deialdiaren helburua». Kategoria horretan sartuko dira gaia jorratzen duten Gradu Amaierako Lanak edo Goi Mailako Antzerki zein Musika Ikasketa bukaerako lanak. Azken hiru ikasturteetan (2020-21, 2021-22 edo 2022-23) defendatutakoak onartuko dituzte, eta 600 eurokoa izango da aurten bertan esleituko duten saria.

Lanak urriaren 18ra arte aurkez daitezke.