NAIZ
Gaur X urte

1955eko apirilaren 18an Albert Einsten zientzialaria hil zen

Gaur 68 urte Albert Einsten Erlatibitatearen Teoriaren sortzailea hil zen. Teoria horrek XX. mendeko zientziaren iraultza ekarri zuen. 1921ean Fisikako Nobel saria eman zioten efektu fotoelektrikoari buruz eman zituen azalpenengatik.

Albert Einsten garaiko erretratu batean
Albert Einsten garaiko erretratu batean (Wikipedia)

Albert Einsten (Ulm, Alemania, 1879) ezaguna da XX. mendera arteko zientziaren ezagutza goitik behera aldatu zuelako Erlatibitatearen Teoriarekin. 1921ean Fisikako Nobel saria eman zioten, ez Erlatibitatearen Teoriagatik –garai haietan teoria horrek eztabaida piztu baitzuen mundu zientifikoan–, efektu fotoelektrikoari buruz eman zituen azalpenengatik baizik. Argiaren ekoizpenari eta eraldaketari buruzko ikuspuntu heuristikoa eman zuen, hain zuzen ere.

Einsten familia judu batean jaio zen 1879an. Haur bakarti bat izan zen, eta hiru urtera arte ez zuen hitzik egin. Hain justu, zientzialariak beti argudiatu zuen bere ustez gai izan zela Erlatibitatearen Teoria garatzeko bere garapen intelektual berantiarragatik, heldu batek ez baitio bere buruari galderak egiten denborari eta espazioari buruz; haur batek, ordea, bai.


Municheko eskola katoliko batean egin zuen lehen hezkuntza. Gerora Milanera lekualdatu zen familiarekin batera, eta batxilergoa amaitu zuenean, Zurichera joan zen Fisika ikastera. 1900ean graduatu zen eta Matematika eta Fisikako irakasle izateko titulua lortu zuen.

1902 eta 1909 artean postu finko bat lortu zuen Bernako patenteen bulegoan, eta denbora horretan doktoretza amaitu zuen. Tarte horretan zientziarako oso garrantzitsuak izan ziren zenbait artikulu argitaratu zituen. Lehen aipatutako efektu fotoelektrikoari, mugimendu browniarrari eta Erlatibitatearen Teoriari buruzkoak.

Bakezaletasunaren defendatzaile sutsua izan zen, nahiz eta Manhattan Proiektua babestu –AEBetan arma nuklearrak garatzeko programa bat, gerora bonba atomikoa sortu zuena–. Hiroshimako eta Nagasakiko hondamendiaren ondoren, arma nuklearren aurkako kanpaina egin zuen.