GAUR8

Abian da Pello Apezetxea Zubiri ikertzailearen omenezko bekaren lehen edizioa

Pello Apezetxea Zubiri ikertzailearen ibilbidea jarraituz, bere omenezko bekak euskararen ikerketa bultzatu nahi du, batez ere soziolinguistika, dialektologia eta onomastikaren inguruan. Bekak 7.000 euroko saria du eta zortzi hilabeteko epea ematen du lana garatzeko.

Paskual Rekalde hizkuntzalaria, Leire Mitxelena (Bortzirietako Euskara Mankomunitatea) eta Sagrario Aleman (Euskaltzaindia), bekaren aurkezpenean.
Paskual Rekalde hizkuntzalaria, Leire Mitxelena (Bortzirietako Euskara Mankomunitatea) eta Sagrario Aleman (Euskaltzaindia), bekaren aurkezpenean. (Euskaltzaindia)

Pello Apezetxea Zubiri ikerketa bekaren lehen edizioa antolatu du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Euskaltzaindiarekin elkarlanean. Apezetxea omentzearekin batera haren ibilbidea jarraitu nahi du ekimenak, soziolinguistika, dialektologia eta onomastika arloetako ikerketa bultzatuz.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen bultzatzaileetako bat izan zen Apezetxea (Goizueta, 1932-Etxalar, 2022), eta euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lanagatik nabarmendua. Bortzirietan euskara biziberritzeko prozesuaren erreferentea izan zen, nabarmendu zutenez.

Horregatik, Apezetxearen ikerketa esparruak jarraituz, hainbat ikerketa-gai proposatu ditu deialdiak soziolinguistika, dialektologia eta onomastikaren inguruan. Zehaztu dutenez, arlo horiekin lotutako bestelako gaiak proposatu ahal dira, baina interes bereziko gai batzuk zehaztu dituzte.

Euskalduntzearen inguruko erronkak

Euskararen biziberritzean tokiko hedabideek duten eragina, herri euskaldunetan helduen euskalduntzeari dagokionez ikastetik erabilerarako jauzia, inmigrazioa, harrera, hizkuntza eta kultura aniztasuna eta euskara dira, besteak beste, planteatzen dituzten arloak.

Dialektologiaren atalean, Bortzirietako hiztegia eta hori administrazioan, hezkuntzan eta tokiko hedabideetan erabiltzeko oinarriak ikertzea proposatu dute baita toponimia xehearen hedapena eta erabileraren sustapena ere.

Lanak baloratzeko orduan, epaimahaiak kontuan hartuko du «inguruko errealitatearekiko hurbiltasuna eta aukeratutako eremuan nahiz Bortzirian aplikatzeko bideragarritasuna».

Banaka nahiz taldeka aurkez daiteke 7.000 euroko saria emango duen deialdira. Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 31n itxiko da eta beka esleitu ondoren, zortzi hilabete izango dute bekadunek ikerketa garatzeko.