Antonio Gramsci iraultzaile komunista hil zen, aske gelditu eta egun gutxira
Antonio Gramsci (Ales, Sardinia, 1891 - Erroma, 1937) politikari, idazle eta pentsalari marxista izan zen. Hizkuntzalaritza ikasketak egiten ari zela Lehen Mundu Gerra lehertu zen. Italiako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen, eta faxismoaren gorakada eragozten saiatu zen.
Italiako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen Antonio Gramsci, baita bertako idazkari eta diputatua ere. Parlamentuan faxismoaren gorakada gelditzen ahalegindu zen. Mussoliniren poliziak 1926an atxilotu, eta hamar urte pasa eman zituen preso. Aske utzi eta hiru egunera hil zen.
Handik hamarkada batera plazaratu zituzten espetxealdian idatzi zituen gutunak, munduari lotuta eutsi zuten idatzi samur bezain gordinak. Bizitzeko grina, mina eta ezina biltzen dituzte. 1947an Giulio Einaudik argitaratutako 218 eskutitzen antologia, ‘Quaderni del carcere’, XX. mendeko Italiako literaturako lan nabarmenen artean dago. Hain justu, idazki horiek euskaratu zituen 2022an Ekaitz Sirvent Auzmendi zarauztarrak, bera ere preso zela, Mont de Marsan espetxean. Euskarara ekarritako iraultzailearen lehendabiziko lana da ‘Antonio Gramsci: Kartzelako gutunak’ (Katakrak).
Itzultzaileak GARAri adierazi zionez, pertsonaia historiko baten alde humano eta hunkibera ezagutzeko aukera ematen duten pasarte ederrak dira.
Gramscik Giulia emazteari, semeei, amari, anai-arrebei eta bereziki Tania koinatari zuzendutako gutunok «faxistak prestatzen ari zitzaizkion heriotzatik libratzeko eta maite zituenen bizitzari lotzeko saiakera tematiak» dira, Sirventen erranean. «Senideen ardura eta kezka handia zuen».
Justu Gernikako bonbardaketaren albistearekin batera atera zen haren heriotzarena ‘L'Humanité’ egunkari komunistako azalean. Hari aunitzek lotzen dute Euskal Herriarekin.
86 urte dira hil zela baina, Sirventek aldarrikatu bezala, oraindik «pizgarri da ekintzarako, irudimen politikorako eta jarduera etiko-politiko konkreturako».