GAUR8

Jakiunderen ‘Jakin-mina’ hitzaldi zikloaren diplomak banatu dituzte

Diploma banaketarekin itxi dute Gipuzkoan Jakiundek bultzatzen duen Jakin-mina hitzaldi zikloaren hamabigarren edizioa. Nafarroako eta Lakuako gobernuen babesa duen ekimenean, ohiko arloez gain hezkuntza programan landu ohi ez diren diziplinak jorratzen dituzte gazteek.

Diplomak banatzeko ekitaldia, irudian.
Diplomak banatzeko ekitaldia, irudian. (Jakiunde)

Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatuta, Lakuako eta Nafarroako gobernuen babesarekin, Jakin-mina hitzaldi zikloa DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta dago. «Gaurkotasun handiko eta abangoardiako gaiei buruzko ezagutzak eskaintzen ditu programak», ikasleen «prestakuntza zabaltzeko eta, aldi berean, etorkizunari begira beren ikasketak aukeratzen laguntzeko», azaldu dute ekimenaren helburuez.

Aste honetan diplomak jaso dituzte programan parte hartu duten ikasleek, Gipuzkoako Foru Aldundian egindako ekitaldi batean. Ekimenak izan dituen hamabi edizioetan, bi mila gazte inguru bildu dira proiektuaren inguruan.

Nabarmendu dutenez, jorratu dituzten gaien artean hezkuntza programaren barruan landu ohi ez diren diziplina anitzak aztertu dira, gazteen garapen intelektuala bultzatu eta etorkizunera begira ikasketetan zer bide jarraitu nahi duten argitzen laguntzeko.

Hamabigarren edizio honetan, hamabost hitzaldi egin dituzte Gipuzkoan, hiru ziklotan banatuta, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Literatura, musika, argazkilaritza edo historia bezalako esparruak izan dira aztertuetako batzuk, baina horiez gain neurozientziak, adimen artifiziala, edota jasangarritasuna eta klima aldaketa bezalako gaiak landu dituzte, hizlari adituen eskutik.