GAUR8

Maiatzaren 29ra arte zabalik dago Euspot lehiaketara iragarkiak aurkezteko epea

Bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzen dituzten 30 segundoko euskarazko bideoak sortzea planteatzen du Euspot lehiaketaren edizio berriak, «Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut!» gaia proposatuz. Iragarkiak maiatzaren 29ra arte aurkez daitezke.

Euskarazko sormena bultzatu eta publizitate arloan euskararen erabilera sustatzeko sortuta, Euspot lehiaketak beste edizio bat jarri du abian. Oraingoan, “Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut!” da  proposatzen duen gaia, eta bokazio zientifikoak eta teknikoak sustatzeko iragarkiak sortzea da planteatzen duen erronka.

Nahi den estilo, teknika eta baliabideak erabilita, gehienez 30 segundoko iraupeneko iragarkiak eskatzen dira.

Iragarkiak euskaraz sortuak izan behar dira, eta musika erabiltzekotan lizentzia librekoa izan behar da, spotentzat sortutakoa edo www.audionetwork.com webgunerik hartua.

Edizioa eta post-produkzioa, era berean, nahi diren programekin egin ahal direla jasotzen dute oinarriek, baina zehazten dutenez, hobetsiko dira «HD formatuan, progresiboan grabatutako eta muntatutako lanak».

Aretxabaletako Udalak sustatzen du Euspot lehiaketa. Ekimenean, Arteman Komunikazioak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Arizmendi Ikastolak hartzen dute parte, Lakuako Gobernuaren babesarekin.

Sari banaketa, ekainaren 15ean

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 29ra arte aurkez daitezke, baina azken egun horretan 10.00ak baino lehen helarazi behar dira.

Lehiaketak 3.000 euro banatuko ditu sarietan, ekainaren 15ean egingo den ekitaldian. Iragarkirik onenak 1.000 euroko saria eskuratuko du, eta ondoan, 500 euroko sari bana eramango dute Publikoaren edota Gazteen saria jasotako lanek baita musika sinkronizazio onenak ere.

Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenak 500 euroko saria izango du, eta 250 euro Arizmendiko Ikastolako ikasleen iragarkirik onenaren kasuan.