GAUR8

Euskarazko ahozko jarduna ikertzeko zortzi egitasmo saritu ditu Euskaltzaindiak

Euskarazko ahozko jardunaren inguruan zortzi ikerlan garatzeko proposamenak saritu ditu Euskaltzaindiak. Maddi Aiestaran, Iñigo Otaegi, Ainhoa Leyaristi, Audrey Serrano, Endika Uriarte, Alazne Fernandez de Muniain, Oier Urreizti eta Mikel Perez dira saridunak.

Ahozkotasunaren inguruko ikerlanak bultzatzen ditu Euskaltzaindiak sustatutako deialdiak.
Ahozkotasunaren inguruko ikerlanak bultzatzen ditu Euskaltzaindiak sustatutako deialdiak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko zortzi proiektu saritu ditu Euskaltzaindiak Mintzola proiektuaren bidez. Deialdi bikoitz horretan, gradu eta master amaierako lanez gain ikerketa lan monografikoak bilatzen zituen ekimenak. Guztira, hamabi eskaera aurkeztu dira, eta epaimahaiak zortzi egitasmo saritzea erabaki du.

Maddi Aiestaranen “Beasaingo gazteen kafe tertulia”, Iñigo Otaegiren “Adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa: imitazio-jolasak”, Ainhoa Leyaristiren “Hizkuntza nahasmenduaren aztarna bila euskaraz: Kasu-marka eta Aditz komunztadura”, Audrey Serranoren “Iruñerriko gazteen hizkera”, Endika Uriarteren “Ergatiboaren erabilera euskara-gaztelania kode-alternantzian: kasu azterketa”, Alazne Fernandez de Muniainen “Lexikoaren aldakortasuna Imozko hizkeran. Inkesta linguistikoak”, Oier Urreiztiren “Aldudeko ibarreko euskara” eta Mikel Perezen “Kode-alternantziaren erabilera eta jarrera euskaldunengan” izan dira saritutako proposamenak.

Doktoretza-tesirainoko ibilbidean egin beharreko urratsak aitortu eta edozein jakintza-arlotik euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzea helburu duen ekimenak 1.500 euroko sariak banatuko ditu master amaierako lanen saridunen artean. Bost hilabeteko tartea izango dute egitasmoak garatzeko.

Ikerketa lan monografikoaren kasuan, 3.000 euro jasoko ditu saridunak eta 2024ko otsailaren 29ra bitarteko epealdia izango du ikerlana entregatzeko.