GAUR8
Gaur X urte

Rastafarien mitorik ezagunenari agurra; 42 urte Bob Marley gabe

Belaunaldi oso batentzat ereserki bilakatu ziren kanta mordoxka sortu zituen Bob Marley-ek, eta bere herrialdea eta kultura mapan kokatu zituen. 1981eko maiatzak 11an hil zen tratatu nahi izan ez zuen minbizi baten ondorioz.

Bob Marley Dublineko Dalymount Parken eskaini zuen kontzertuan, 1980ko ekainan.
Bob Marley Dublineko Dalymount Parken eskaini zuen kontzertuan, 1980ko ekainan. (Eddie MALLIN)

Musikari ospetsua zen Bob Marley 36 urte zituela hil zenean, gaur duela 42 urte. Hil ostean mito bilakatu zen. Jamaikarrak Estatu Batuetako platino diskoa irabazi zuen hamar aldiz, eta mundu osoan 20 milioi kopia saldu zituen. ‘No woman, no cry’, ‘Buffalo Soldier’ edo ‘Iron Lion Zion’ bezalako kantak ereserkiak dira belaunaldi oso batentzat.

Bere eraginari esker, rastafari mugimendua ezagunagoa egin zen. Izan ere, ezkondu ostean Estatu Batuetara joan zen, eta Jamaikara itzultzean erabat barneratuak zituen bere erlijio eta kultura. Ordutik, bere sinismenak kantetan gehiago islatzen hasi zen.

The Wailers taldea eratu eta diskoa kaleratzean, sekulako arrakasta izan zuen eta Britainia Handia eta Estatu Batuetan zehar bira egin ahal izan zuten. Gerora taldea desegin eta kide berriak batu zitzaizkion, eta kanta berrien gaiak anitzagoak izaten hasi ziren: maitasuna, kritika soziala edota iraultza politikoa eta espirituala, esaterako. Bakearen eta eskubideen defentsan Jamaikan eman behar zuen kontzertu batean tirokatua izan zen, nahiz eta ez zuten larriki zauritu. Horren ostean mundu osotik bira hasi zuen, bere mezua zabalduz.

1977an melanoma bat aurkitu zioten azalean, baina ez zuen tratamendurik jaso nahi izan, eta horrek burmuineko eta biriketako minbizia eragin zion. Urte batzuetan birak egiten jarraitu zuen, 1980an oso gaixorik jarri zen arte. Urtebete geroago hil zen, maiatzaren 11n.